Muntsaratz-Zelaieta bidearen eraberritzea uztailean esleitzea aurreikusi du Abadiñoko Udalak

Anboto 2021ko eka. 24a, 12:21

2020-2023 Agintaldi Planaren orain arteko balorazioa egiteko prentsaurrekoan, herriko askotariko proiektuen egoera zertan den azaldu dute Mikel Garaizabal alkateak eta Javi Crespo alkateordeak.

Muntsaratz eta Zelaieta batzen dituen bidean egingo diren lanen helburua "kale-tarte hori hiri-kale bihurtzea da", Planak jasotzen duenez. Crespok azaldu du atzo kontratazio mahaia batu zela. Aukeratutako enpresak beharrezko dokumentazioa bidaltzen badu, lanak uztailean eman eta opor ostean hasiko dira, udan, alkateordearen arabera.

Lanek Zelaietatik igarotzen den N-636 errepideko 800 metrori eragingo diote, Zelaietarako sarreran dagoen biribilgunetik Fundiciones Garbiko sarreraraino, hain zuzen. Espaloiak handitzeko, argiteria berriztatzeko eta ibilgailuen abiadura gutxitzeko neurriak hartuko dituzte, besteak beste.

Planaren orain arteko balorazioa

"Gaur egiten ari garena erantzukizun eta gardentasun ariketa bat da", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak. 2020-2023 Agintaldi Planak lehentasunezko 72 neurri jasotzen ditu, 11 ardatzetan banatuta. Euretako 10 gauzatu dira (%14) eta beste 34 gauzatzen ari dira (%47). Gainerakoak abian jartzeko prozesuko une desberdinetan daude.

Hirigintza arloari dagokionez, Traña-Matienako Laubideta kale inguruko berrurbanizazioa "aurreratuta" dagoela eta Zelaietako osasun zentro berriko proiektuaren idazketa "hurrengo hileetan" hasiko dela azaldu dute. Horrekin batera, Traña-Matienan, N-634 errepidetik —Garajes Serafin ondoko biribilgunetik— Trañapadurako poligonora —Pierburg enpresaren atzealdera— zubi berria eraikitzeko proiektua "oso aurreratuta" dago. Proiektu honen helburua honako hau da: kamioiei eta ibilgailuei poligonorako sarbide bat eskaintzea, ez daitezen herrigunetik igaro.

Gobernantza arloan, urte amaieran formatutako udaltzain berri bat hasiko da lanean Abadiñon. Ingurumen teknikari berri bat ere "laster" hasiko da lanean. 

Sustapen ekonomikoari dagokionez, besteak beste, udalak Aldundiari laga dio Gaztelua mendia -17,22 hektareareko lursaila- honek Nekazaritza Lurren Funtsean sartu dezan. Abeltzain gazteei lehen sektoreari ekiteko aukerak eskaintzea da helburua.

Gazteria sailean, dagoeneko burututa dauden ekintzen artean dago gazteriaren beharrizanak jasotzen dituen diagnostikoa. Herriko bederatzi elkarterekin elkarlanean egindako plana dela nabarmendu dute. Berdintasunari dagokionez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana da dagoeneko amaituta dagoen ekimena.

Euskara eta hezkuntza arloan, musika eskola duten beste herri batzuetara bisitak egin dituzte eta esperientzia horiek Abadiñora zelan ekarri ditzaketen aztertzen ari dira. Horrez gainera, 2021an 298.000 euro Traña Matienako eskola hobetzera eta galdara berria jartzera bideratuko dituzte.

Kirol arloan, skate pista berri bat egin gura dute eta une honetan herriko zein gunetan kokatu daitekeen aztertzen ari dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!