"Tailerreko eta plantako behargin guztiek egin dute bat grebagaz"

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 19a, 13:40

Rothenberger enpresako beharginek bigarren greba eguna dute gaur. ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako kideen arabera, tailerrean lan egiten duten behargin guztiek egin dute bat lanuzteagaz. Bulegarien artean, aldiz, bestelakoa da jarraipena. "Erresiduala", sindikatuen esanetan.

Abadiñoko Rothenberger enpresako kideek agerraldia egin dute gaur lantegiaren aurrealdean. Hitzarmena berritzea eskatzeko mobilizazioak hasi zituzten duela egun batzuk, eta gaurkoa dute lanuztera deitutako bigarren eguna. Deialdia "jarraipen oso zabala" izaten ari dela jakinarazi dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako kideek. "Biltegian, ekoizpen arloan, tailerrean eta plantan lan egiten duten behargin guztiek egin dute bat lanuzteagaz. Bulegoetan, bestelakoa da jarraipena. Erresiduala. Zeharkako eskulana dago han, eta gutxiengo bat ari da greba egiten", jakinarazi du ELA sindikatuko Aitor Taranco ordezkariak.

Beharginek enpresari egiten dioten eskakizuna hitzarmena berritzea da. "Enpresan lan mugimendu handia dago. Handia da eskaintza. Baina patronala hitzarmenaren negoziazioa blokatzen ari da pandemiaren aitzakipean" azaldu du Tarancok. LABeko Mikel Urangak, bestalde, beharginek eskatzen dituzten puntuetako batzuk zerrendatu ditu. "Arloan arloko igoera salarialak", "prima bidez ordaintzen direnak soldataren oinarrian islatzea", eta "KPI indizearen igoera" daude eskarien artean. CCOO sindikatuko Juan Carlos Carnotak "beste puntu garrantzitsu bat" bajen arloan dagoela gaineratu du. Dioenez, baja bat hartzerakoan "bereizketak" daude langiletik langilera eta horiek bereizketarik barik kudeatu behar direla adierazi du.

Sindikatuek beste hiru greba egun deituko dituzte datorren astean, bihar bertan patronalak hitzarmena negoziatzeko “aurrerapausorik ematen ez badu”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!