Abadiñoko Gestamp enpresa 5G teknologia garatzeko proiektu batean parte hartzen dabil

Ekaitz Herrera 2021ko api. 24a, 10:00

5G teknologia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zelan zabaldu daitekeen ikertzen dabiltza 13 entitate publiko eta pribatu. Parke teknologikoetako enpresen bitartez dabiltza lan horretan, eta Durangaldeko izen bat ere badago: Gestamp. 

5G teknologia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zelan zabaldu daitekeen ikertzen dabiltza 13 entitate publiko eta pribatu. Miñaoko (Araba), Zamudioko (Bizkaia) eta Miramongo (Gipuzkoa) parke teknologikoetako enpresak dabiltza lanketa horretan, baina salbuespen geografiko bat ere badago: Abadiño. Bertako Gestamp enpresa Euskal Autonomia Erkidegoan 5G teknologia zabaltzeko proiektuaren zati da, eta, uneotan, "esperimentu" bat egiten dabiltza Lebarioko lantegian.

Enpresako informazio iturrien arabera, "proiektua datozen urte bietan" garatuko dute eta "uneotan martxan dagoen fabrika erreal bat ingurune birtual batera eramatea" du helburu. 5G teknologiaren hedapena automozioari loturiko lantegi industrial batean zelan aplikatu daitekeen ikusi gura dute, hartara, teknologia prest dagoenean, "hari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko". Gauzak simulatzeko balioko duela ere adierazi dute Gestampeko iturriek. "Erabakiak hartzerako unean suertatu daitezkeen arriskuak aurreikusi ahalko dira" esperimentu horregaz. "Ekipoak testatu eta erronkak zeintzuk diren aztertzea ahalbidetuko du". Era berean, enpresako beharginen "formakuntzan" eraginda, garai berrietara moldatzeko gaitasuna irabaztea gura du enpresak.

Lantalde zabala
Besteak beste, honako erakunde hauek daude parte hartzen Euskal Autonomia Erkidegoan 5G teknologia zabaltzeko proiektuan, Gestampegaz batera: Euskaltel, Orange, Masmovil, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Iberdrola, CAF, Tecnalia, Vicomtech, Ikusi, Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza. Gestampeko iturriek azaldu dutenez, "Orange eta Euskaltel sareekin" dabiltza 5G teknologia zabaltzen eta "Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazioen Ingenieritzako departamentua dabil zabalkunde horretara egokitutako arkitektura diseinatzen"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!