“5G teknologia atzeratzea eskatzen dugu, kaltegarria ez dela dioten ikerketa independente gehiago egon arte”

Ekaitz Herrera 2021ko api. 24a, 10:00

"Hara! Ni etxetik berbetan ari natzaizu, ordenagailu bidez. Eta ez nabil wifirik erabiltzen, zuntz optikoa baino. Ikusten? Komunikazioa eta teknologia berriak eraginkorrak dira horrela ere!", dio Roberto Martínezek (Durango, 1973). SFC-SQM Euskadi Aesec elkarteko presidentea da eta fibromialgia edo neke kronikoa sufritzen duten herritarrak babesteko lan egiten du. Baita gai kimikoekiko eta eremu elektromagnetikoekiko sentikorrak direnentzat ere. Azken hauek direla-eta, 5G teknologiaren instalazioa atzeratzea eskatu dute, teknologia kaltegarria ez dela dioten ikerketa independente gehiago egon arte.

Durangoko udalbatzak 5G teknologiaren instalazioa atzeratzea eskatu zuen otsailean, zuen elkarteak hala eskatuta. Zerk bultzatuta aurkeztu zenuten mozioa?
Arrazoi nagusia da gure elkartean sentikortasun elektromagnetikoa duen hainbat lag un dagoela. Euretariko bat, esate baterako, nire emaztea da. Kolektibo hori babestu gura dugu. Gure ustea da frekuentzia altuko eremu elektromagnetikoak arriskutsuak direla gizakiarentzat eta naturarentzat. Hori diote gaur arte instalatu diren teknologiei buruzko ebidentzia zientifikoek, 4G-ri eta wifiari buruzkoek. Munduko Osasun Erakundeak, adibidez, minbizi eragiletzat jotzen ditu eremu elektromagnetiko horiek. Hori dela-eta, 5G teknologia atzeratzeko eskatzen dugu, kaltegarria ez dela ondorioztatzen duten ikerketa independente gehiago egon arte.

Adibide praktikoak ipintzearren: eremu elektromagnetikoekiko sentikortasuna duenak zein sintoma sufritzen ditu?
Estimazioen arabera, Europako biztanleen %3-5 inguru sentibera dira eremu elektromagnetikoekiko. Horrek esan gura du 13 milioi europarri eragiten diela. Dena dela, ez dago kopuru ofizialik. Estimazioak baino ez dira. Baina kontua da denok ditugula sintomak, nahiz eta bakoitzari modu desberdinean eragiten dion. Zuk buruko mina sentitu dezakezu ordenagailuaren aurrean denbora askoan egon eta gero. Gure elkarteko kideei, ostera, beste era batera eragiten die. Horixe da nire emaztearen kasua. Eremu elektromagnetikoagaz kontaktuan egonda, sudurra odoletan hasi dakioke. Besoetan indarra galdu dezake, eta hanketan. Dena lausotuta ikusi dezake eta ohetik altxatu ezinda eman dezake bolada bat. Momenturen batean, berba egiteko gaitasuna ere galdu dezake. Horiek guztiak sintoma fisikoak dira, agerikoak. Baina, gero, ikusten ez diren sintomak daude, sistema immunologikoari eragin diezaioketenak, eta, horrenbestez, larriagoak.

Ikerketa batzuek diote 5G teknologia ez dela kaltegarria. Beste batzuek, ostera, baietz diote.
Biokimikan aditua den Washingtongo Unibertsitateko ikerlari batek hainbat kalte eragin dezakeela ondorioztatu du. Nerbio sistemari erasotzen diola, sistema endokrinoa kaltetzen duela, gure zeluletako DNAri eraso egiten diola, edo ugalkortasuna gutxitzen duela. Italiako beste ikerlari batek ere antzekoa dio. 2005etik dabil gaia arratoiekin ikertzen, eta tumore kopurua areagotzen dela ondorioztatu du. Eta kaltegarria ez dela dioten ikerketek zer dioten? Bada, hori. Ez dela ezer gertatzen edo ezin dela behin betiko ondoriorik atera. Daukagun arazorik handiena da behin teknologia ezarrita gatx dela eremu elektromagnetikoetatik ihes egitea. Tabakoa dagoen gune batetik irten zaitezke. Kalera joan zaitezke. Baina eremu elektromagnetikotik ezin duzu hain erraz ihes egin. Zure inguruan dago.

Nork finantzatzen ditu ikerketak?
Espainiako estatuan CCARS erakundea dago, Osasunerako eta Irratifrekuentziarako Aholkularitza eta Zientzia Komitea. Erakunde honek kaleratu izan ditu ikerketak, baina ez da erakunde ofiziala. Telekomunikazioen arloko Ingeniarien Eskolari lotutako erakundea da. Eta, hori horrela, inpartzialtasuna kolokan dagoela esango nuke, bere helburuen artean ez dagoelako osasuna. Inpartzialtasun hori mahai gainean ipini beharra dago. Beste herrialde batzuetan, ikerketak telefonia enpresek ordaintzen dituzte.

Udalek, tokian tokiko instituzioek, zein eskuduntza dute 5G teknologia instalatu edo arautzeari dagokionez?
Udalek eskuak lotuta dituzte Espainiako gobernuak araututako dekretuen aurrean. Baina udalak herri bakoitzeko ingurumen kalitatearen arduradunak dira. Lantokien kutsaduraren arduradun dira, eta legeak eremu elektromagnetikoen arduradun ere badirela jasotzen du. Gauzak egin daitezke. Eta udal batzuek egin dituzte. Baina borrokatu egin behar da. Debekatu, ezingo dute debekatu, baina erregulatu bai. 5G teknologia instalatuko balitz, gutxienez, erregulatzea gura nuke. Frekuentzia mailak, antena kopurua, eta abar. 5G teknologiagaz egin daitekeen guztia zuntzagaz egin daiteke. Eta ez da eremu elektromagnetikorik sortzen.

Gizartea digitalizazioaren hazkunde baterantz doala dirudi. Big Data badatorrela ematen du. Ba al dago gatazkarik zuen eskarien eta gizarte eskarien artean?
Big Data arazorik barik egin daiteke zuntz optikoagaz. Beste kontu bat da garbigailu baten informazioa beste norabait eraman gura badugu. Hor zuntza ez da baliagarria. Baina galdetu beharrekoa hori da, hain zuzen ere: beharrezkoa da garbigailu baten informazioa Washingoten dagoen zerbitzari batera eramatea? Zertarako? Ni ingeniaria naiz eta guztiz ados nago digitalizazioagaz, baina iruditzen zait badagoela gauzak egiteko beste modu bat. Bestetik, kontuan hartu behar dugu negutegi efektua eragiten duten gas emisioen %14 informazio sistemek eragindakoa izango dela 2040rako. Hori diote ikerketa batzuek. Beraz, digitalizazioari bai, baina buruagaz. Inportantea da, baina bateragarri egin behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!