Durangaldeko Podemos Ahal Duguk bat egin du deialdiagaz. Talde morea "oso kezkatuta" agertu da "ultraeskuinaren diskurtso extremistak dakartzan ondorioekin".
Abadiñoko EH Bilduk ohar batean salatu duenez, "ezin da onartu faxista batzuek, inongo mugarik gabe, indarra erabiltzea". Horregatik, herritarrak kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte.
EH Bildu orokorretik, aldiz, azalpenak eskatu dituzte Segurtasun Sailean. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ohar batean azaldu duenez, “kezkagarria da Desokupa bezalako enpresa batek, bide judizialak alde batera utzita eta eskuin muturraren mezuak nolabait hauspotuz desalojoak egiten dituenak, horrelako operatibo bat burutzea, eta are kezkagarriagoa horretarako Ertzaintzaren babesa baldin badu”. Arzuagak Segurtasun sailburuari eskatu dio argitzeko nork agindu duen desalojoa eta zer dela eta parte hartu duen Ertzaintzak operatibo horretan.
Goiz honetan Desokupa taldeko "8-10 bat kide" etorri dira Abadiñoko Alfredo Baeschlin etorbideko etxebizitza bat desalojatzera. Tentsio uneak izan dira Ertzaintzaren, protesta egitera hurbildutako herritarren eta Desokupakoen artean. Tentsioak gora egin ahala Ertzaintzaren hiru furgoneta hurbildu dira eta agenteek borraz kolpatu dituzte protestan egon diren herritarrak.