“Mugimendu feministari 'eta gu zer' galdezka egon beharrean, gizonoi aspaldi heldu zitzaigun geure bidea egiten hasteko unea”

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 19a, 11:05

Ados. Galdera potoloa da, erantzun asko eduki ditzakeena. Baina ekitea da kontua. Eta dozena bat gizonezko horretan dabiltza Abadiñon: euren botere hartu-emanak zelan desboteretu daitezkeen hausnartzen, horregaz berdintasunari bidea errazteko. Jardunaldiak Abadiñoko Berdintasun Sailak antolatu ditu eta Hiruki Larroxa kolektiboko kideak dabiltza dinamizazio lanak egiten. Joan zen barikuan egin zuten ikastaroaren lehenengo zatia. Bariku honetan egingo dute bigarrena. Egoitz A. Albeniz (Hernani, 1988) da saioen dinamizatzailea.

Galdera potoloa da, baina horretarako daude meloiak. Zabaldu eta jateko. Zelan lagundu diezaiokete gizonezkoek feminismoari, kontuan hartuta matxismoak sortutako produktu sozial nagusiak gizonezko horien boterekeriatik eratortzen direla?
Ez dakit gizonok lagundu diezaiokegun feminismoari aurrera egiten. Agian, gure ekitea hori izan daiteke, ez-akzioa akzio moduan ulertzea. Hau da, emakumeek historikoki ez dute espazio publiko-politikoa egituratu eta antolatzeko aukerarik izan. Ez zaie aitortu subjektibotasun politikorik, hain zuzen, eredu zisheteropatriarkala ia betidanik egon delako indarrean. Beraz, uste dut beharrezkoa dela emakumeek euren bidea egitea, gaur gaurkoz gizonon injerentziarik barik. Hala ere, uneren batean espazio mistoak sortzen hasiko direla esango nuke, baina hori ez da ailegatuko bitarte horretan gizonok gure aldetik lanketa propioa egiten ez badugu. Uste dut mugimendu feministari "eta gu zer" galdezka egon beharrean, gizonoi aspaldi heldu zitzaigula geure bidea egiten hasteko unea.

Adibide praktikoren bat ipiniko zenuke? Zeintzuk dira gizonezkoen boterekeria islatzen duten praktikak?
Alde batetik, gizonon artean dagoen anaitasun maskulino hori dago. Sortzen diren iruzkin sexisten, matxisten, arrazisten eta homofoboen aurrean isilik geratzea. Gero, badira emozioak ukatzeko joerak, gizon eta emakumeen artean elkar agurtzeko egiten ditugun erritu sexistak eta espazio publikoen jabetzak. Gure eguneroko bizitzako lanen banaketari buruz ere berba asko egin daiteke. Zaintzari loturiko gaiei buruz, baina ez horri buruz bakarrik. Beste adibide bat homofobiak gizontasunean betetzen duen paper eraikitzailea izan daiteke.

Abadiñoko jardunaldi hauetara etorrita, zeintzuk dira egun bi hauetan lantzen zabiltzaten gakoak?
Batetik, generoa eraikuntza kulturala den neurrian, berau deseraiki, zalantzan ipini eta eraldatu daitekeela ulertuko dugu. Bestetik, gizon moduan jendarte justu eta aske baten alde egin daitekeenaren inguruan hausnartuko dugu. Azkenik, bizi dugun jendarteko ordena sinbolikoan gure identitateek betetzen duten posizioaren kontzientzia hartzetik, ardura hartzeko pausoa eskaini gura du.

Eta pauso hori eman gura duen gizonezkoari zer esan? Nondik hasi teoriatik praktikara jotzen?
Hasteko, ohiko edozein egunetan, edozein lekutan, bere ingurura begiratzeko esango nioke, eta ikusten duen eszena hori eraldatzeko. Behin egoera alderantziz ikusita, bere buruan sortu duen egoera horrek zentzurik ez badu, edo barregura edo harridura eragiten badio, hor desberdinkeria eta indarkeria dago. Eta eraldatu beharra dago. Hortik aurrera, ikusten ikasi beharko genuke. Baita albokoei entzuten ere. Eta gure barruan kokatzen diren erabakiak hartzen hasi. Noski, horretarako, tailer zein formakuntzak ongi datoz, baina horrekin ez da nahikoa. Hautu pertsonal bat ere egon behar da, problematika honen gaineko ardura hartzearena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!