Beraz, ferietako saltzaileak zarete.
Bai, produktuak egin eta saldu egiten ditugu. Erromerietan, ferietan, Erdi Aroko kutsua duten azoketan eta halakoetan ibiltzen gara urte osoan.
San Blasetara urtero joaten al zarete?
Bai, San Blasetara urtero joaten gara, eta data horretan, baita Bilboko San Nikolas eguneko azokara ere. Baina bai, Abadiñora beti. Hiruzpalau postu ipini ohi ditugu feria inguruan sakabanatuta.
Nondik datorkizue ferietako saltzaile izateko lanbidea?
Gurea hirugarren belaunaldia da. Aittitte-amamak saltzaileak ziren. Gure aita ere saltzailea zen, eta produktuak etxean ekoizteari ere ekin zion berak. Duela bost urte Cristina arrebak eta biok hartu genuen negozioa. Zornotzan dugu produktuak ekoizteko lantegia.
Eta noski, koronabirusak bazterrak nahastu dizkizue zuei ere. Azokak nekez antolatzen dira. Nola egiten diozue aurre egoerari?
Produktuak etxerik etxe salduta. San Tomas azokaren bueltan, jendea deika hasi zitzaigun. Produktu eske deitzen ziguten, eta guk lantegia zarratuta genuela erantzuten genien. Baina halako batean esan genuen, "zergatik ez dugu etxez etxeko zerbitzua ematen?". Eta halantxik hasi ginen, abendu hasieran. San Tomas eguna ondo joan zen, eta hori ikusirik San Blasei begira lan egitea pentsatu genuen. Facebook taldeetan informazioa banatzen aritu gara eta erantzunagaz pozarren gaude. Gaur egun, bezeroagaz ez duzu berotasun hori, ezin diozu pastelak nola egiten dituzun esan, argazki bat elkartrukatu, elkarrekin egon,... baina jendearen erantzuna ona ari da izaten. Mezu asko jasotzen ditugu. Eta, gainera, helduak dira euretako asko. Merkatuetara joan ezin dutela-eta eskariak egiten dizkigute helduek. Niri behintzat egungoko ilusioa egiten dit.
"Gaur egun, bezeroagaz ez duzu berotasun hori, ezin diozu pastelak nola egiten dituzun esan, argazki bat elkartrukatu, elkarrekin egon,... baina jendearen erantzuna ona ari da izaten"
Etxean jasotzeko zein produktu eskatu daitezke?
Pack moduko batzuk ari gara saltzen. 20 euroren truke, kilo bateko eta kilo eta berrehun gramo bitarteko euskal pastel bat, dozena bat erroskila zuri eta dozena bat kordel eramaten ditugu. Prezioa azokan baino bi euro merkeagoa da, eta etxera eramaten dugu. Izena hartzea eta zerbitzua zabaltzen lagundu gura dugu horrela.
Interneten ikusi dugunez, San Blasetarako eskariak egiteko epemuga otsailaren 1ean amaitu zen.
Bai, baina epea zabaldu behar izan dugu. Izan ere, deika eta deika aritu zaigu jendea eta aste osorako lana pilatu zaigu. Pozik gaude jasotako erantzunagaz. Jendeak erantzuten du, gogoa du. Erromeriako produktuak direnez ez dira edonon topatzen, baina ikusi dugu gogo hori badutela.
Zuen kasuan nolakoa da San Blas eguneko azoka?
Azoka eguna baino bi egun lehenago jeneroa prestatzen hasten gara. Goizeko laurak aldera esnatzen gara eta postua jartzera joaten gara segidan. Abadiñarrak goiztiarrak dira. Horregatik, goizeko 7:00etarako prest izaten dugu salmahaia. Bukatu, arratsaldeko 17:00ak 18:00ak aldera bukatzen dugu. Herri bakoitzak bere ordutegia du.
"Abadiñarrak goiztiarrak dira. Horregatik, goizeko 7:00etarako prest izaten dugu salmahaia"
Seguru irakurle askok zuen kordel, pastel eta erroskilak faltan botako dituztela aurten. Nola ipini daitezke zuekin harremanetan?
664175093 telefonora deituta ipini daitezke gurekin harremanetan. Gure enpresako telefonoa da. Bertan jasotzen ditugu eskariak. Produktuak 24 orduren bueltan izango dituzte etxean. 48 orduren bueltan, segun eta eguneko zein ordutan deitzen duten.