Abadiñoko Udalbatzak babesa agertu die sexu erasoak jasan zituzten hiru emakumeei

Aritz Maldonado 2020ko urr. 28a, 18:57

Sexu erasoengatik kondenatutako abadiñarraren indultu eskaeraren aurrean, Abadiñoko Udalak "babes osoa eta baldintzarik gabekoa" agertu die hiru biktimei. Gainera, udalak dei egin die abadiñarrei "biktimen erreparazio eskubidearen alde" lan egiteko. 

"Biktimek eskubidea dute beren duintasuna, ospea eta gainerako giza eskubideak berreskuratzeko, sekula berriz horrelako erasorik ez jasateko, pairatu dituzten erasoen aitortza izateko eta hala erasotzaileak nola, dagokien neurrian, erakundeek eta jendarteak gertakari horien erantzukizuna onartzeko", adierazi du Abadiñoko Udalak. 

2019an 13 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak kondenatutako abadiñarrari "etengabeko sexu-indarkeriagatik". Erasotzailearen indultu eskaeraren aurrean, Abadiñoko Udalak babesa agertu gura izan die biktimei, eta baita indarkeria matxistaren aurka bere gaitzespena eta "kondena gogorrena" ere. Babesaz gainera, biktimen eskura jarri dituzte udalaren baliabide guztiak. Egungo "krisialdi soziosanitarioan" indarkeria matxistaren aurkako lanak "inoiz baino garrantzia handiagoa duela" nabarmendu dute, baita ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!