Hiru emakumeri egindako sexu erasoengatik kondenatuta dagoen abadiñar batek indultua eskatu du

Anboto 2020ko urr. 14a, 17:25

Biktimak babesteko egindako elkarretaratzea, iaz.

Biktimen abokatuak baieztatu duenez, abadiñar honek Justizia Ministerioan egin du eskaera. 

Abadiñar bati 13 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten iaz, hiru emakumeri egindako sexu erasoengatik. Hiru emakume horietatik bi adin txikikoak ziren momentu hartan. Biktimen abokatuak baieztatu duenez, abadiñarrak indultua eskatu du Justizia Ministerioan. "Indultua lortzea ez da erraza, baina ez da ezinezkoa. Badaude aurrekariak", azaldu du abokatuak. Gaineratu duenez, indultu partziala izan arren, lortuz gero, bi urtean pertsona hori kalean egon daiteke. 1870 urteko indultuen legea errebisatu egin beharko litzakeela dio abokatuak. "Gaitzesgarria da askatasun sexuala jokoan dagoen kasuetan indultua eskatu ahal izatea". Indultuaren prozesuak emakumeak berbiktimizatzen dituela gogoratu du.

Kasuaren aurrekariak

Hamasei urteko kartzela-zigorra ezarri zion Bizkaiko Lurralde auzitegiak Abadiñoko 45 urteko gizon bati, 2009az geroztik emakume bati eta honen adin txikiko bi alabei sexu erasoak egiteagatik. Akusatuak errekurritu egin zuen eta Auzitegi Gorenak kartzela zigorra berretsi zuen, nahiz eta hamahiru urte eta erdiko zigorrera murriztu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!