Imanol Jaio abadiñarra atxilotu dute

Anboto 2020ko urr. 5a, 14:19

Irunen (Gipuzkoa) atxilotu du Guardia Zibilak, "helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea" egotzita.

Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu atxiloketak, "helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea" leporatuta. Agentziek zabaldutako informazioaren arabera, Guardia zibilak hiru atxiloketa egin ditu; bana Arrasaten, Zarautzen eta Irunen. Gipuzkoako azken herri honetan atxilotu dute Jaio.

Iturri berdinen arabera, hiru atxilotuek Ezpala komandoa osatu zuten 2008 eta 2010 bitartean. Atxiloketek Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako "zulo" batekin dute lotura. ETAren lehergaiak leudeke bertan.

Kepa Arkauz eta Ekhine Eizagirre preso ohiak ere atxilotu dituzte operazio berean. 

Hainbat herritarrek mobilizazioa deitu dute gaur arratsalderako. 19:30etan elkarretaratzea egingo dute Traña-Matienako Traña plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!