“Bitxia da, baina deserria ezagutu dut Euskal Herrian”

Aritz Maldonado 2017ko abe. 7a, 14:07

Arrazoi politikoengatik erbestean zegoen azken abadiñarra zen Imanol Jaio Gabiola (Abadiño, 1985). Abenduaren batean bueltatu zen sorterrira.

Zelan itzulera?
Sentsazio kontrajarriak ditut. Alde batetik, poztasuna, sorterrira itzuli naizelako, eta, beste alde batetik, urduritasun eta lotsa puntu bat ere bai, ez naizelako politikaria eta ez nagoelako ohituta jendaurrean berba egitera. Urteotan ikusi ez dudan jendea, irribarretsu nire zain ikustea pozgarria da. Gogoa dut eskualdea berriz ezagutzeko, lehengo sentsazioak berriro topatzeko. Bitxia da, baina Euskal Herrian deserria ezagutu dut.

Urte gaitzak izango ziren zuretzat.
Barre egin dut, eta negar ere bai. Hemen ezin egote horrek baldintzatu nau gehien bat, adibidez. Eta Arkaitz Bellon preso elorriarra espetxe politikaren ondorioz hil zenean, zer esanik ez! Sentsazio bitxiak dira ingurune naturalean bizi beharreko horiek kanpotik bizi behar izatea. Edo politika bizitzeko modua bera ere: handik komunikabideetan ikustea, eta ezin jende bategaz partekatzea.

Iheslarien kolektiboa politikaren lehenbiziko planora itzuli da azken urteetan. Zergatik orain?
Oihartzunik izan ez arren, iheslarien kolektiboa beti egon da hor. Ni gaztea naiz, baina beti egon dira iheslariak. Francoren diktaduratik erbestean bizi den jendea ezagutu dut, GALen mehatxua sufritu duena, baita ere. Haien begietan beldurra ikusten zen. ETAk borroka armatua uzteko asmoa agertu zuenetik, EIPK-k hausnarketa egin eta aurpegia emateko erabakia hartu zuen: ‘Deserrian gaude, baina ez gaude ezkutuan’. Gatazka honen ondorio garen heinean, gure egoeraren berri eman behar dugu, eta konpondu. Kontakizun bat dago egiteko oraindik iheslarien arloan. Egoera kontuan hartuta, uste dut erabaki egokia dela ni ere Abadiñora itzultzea, eta nire ekarpena egitea konponbidearen alde.

Abadiñon ez dago arrazoi politikoengatik inor espetxean edo erbestean. Konponbidera bidean goaz?
Berri ona da hori, ospatu beharrekoa. Badirudi herri honetan beti egon behar dugula sufritzen, baina albiste onak ospatu egin behar dira. Abadiñon ez dago, ez, baina oraindik Euskal Herrian dauden ehunka preso, iheslari, deportatu eta horiek ere Abadiñora ekarri gura nituzke.

Ipar Euskal Herrian ikasturte politiko bizia izaten ari da hau. Zelan bizi duzu?
Sentsazio gazi-gozoagaz, egia esan, herriaren alde batetik aurrerapauso ugari ematen ari direlako. Gauza batzuen alde kolore guztietako politikariak bildu dira, eta hori gozoa da. Baina, hiru herrialdetan baino ez dugu lortu. Bidasoaren beste aldean adostasun hori ez lortzea ulertezina da.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!