Abadiñoko alkateak "arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei gaur hiru kasu positibo baieztatu ostean

Anboto 2020ko uzt. 21a, 19:00

Bereziki herriko gazteei zuzendu die hedabideetara helarazitako mezua. "Zuhur" jokatzeko eskatzen die. "Gutako bakoitzaren portaerak ondorio gogorrak eduki ditzake jente askoren bizitzan", abisatu du.

Gaurko datuen arabera atzo sei koronabirus kasu berri baieztatu zituzten Durangaldean eta euretako hiru Abadiñon eman ziren. Horren aurrean, herritarrak "arduraz" jokatzera deitu ditu Mikel Garaizabal alkateak. 

Azaldu duenez, Euskadiko egoera epidemiologikoa "gero eta txarragoa" da, eta Abadiño "ez da salbuespena". "Geure esku dago agerraldi hau gelditzea", adierazi du.

Alkateak gogorazi du "oso garrantzitsua" dela herritar guztiek betetzea segurtasun eta osasun arauak kutsaketak saihesteko, baina herriko neska-mutilei zuzendu die bereziki bere mezua. Esan du "debekatuta" daudela "botiloiak eta gazte-lonjetako bilerak", eta kalean gazteak lagunekin elkartzen direnean "beti" maskara jantzita erabili behar dutela, eta "erabat baztertu" behar direla portaera arriskutsuak.

Horrela herriko neska-mutilei eskatu die "ez egiteko jairik edo euren osasuna zein lagun edo senideena arriskuan jarri dezaketen bestelako jarduerarik". "Kalean elkartzeko eta jaiak ospatzeko sobera aukera izango dugu gero ere, baina pandemia ez da amaitu, eta bidea ematen badiogu birusari indarra hartzeko, orduan inork nahi ez dituen neurri zorrotzagoetara itzuli beharko dugu", gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!