Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria botatzen hasi dira AHTren lanak direla-eta

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 14a, 17:04

Baserrian bizi izandako familiako kideek eta Mendiolako auzotarrek baieztatu dutenez, gaur goizean hasi dituzte etxea botatzeko lanak. Baserriak duela 500 urte inguruko aztarnak ditu, nahiz eta ordutik hona hainbat eraldaketa izan dituen.

"Inpotentzia handia" sentitzen du Roberto Arteagak. Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserrian jaio zen duela 55 urte eta jaiotetxea botatzen hasi direla jakin du gaur. "Kasualitatez handik pasatu nintzen atzo", dio. "Bagenekien noizbait botako zutela, egun hau ailegatuko zela. Atxondon gertatzen ari dena ere irakurri dugu egunotan eta pentsatu dut halako zerbait etor zitekeela. Izan ere, hauxe zen Abadiñon egitea falta zen azken tarteetako bat", azaldu du. 

"Duela hamar urte baino gehiago" izan zituzten desjabetze prozesuak. "Azaldu ziguten proiektua bertatik joatekoa zela, gogoan dut alegazioak sartu genituela. Zati bat desjabetu zuten eta gauza bera egin zuten inguruko beste hainbat lurrekin. Beharbada jende batek pentsatuko du hau guztia pisu bateko etxebizitzaz aldatzea bezala dela. Niretzat, baina, ez da horrela". Arteaga berriro joango da gaur Mendilibar-erdikora, jaiotetxea berriro ikustera. Azken hilabeteetan hutsik egon da etxea. Ez zen inor bizi. Arteagaren ama da han bizi izandako azkena.

500 urte eta gero

Baserriaren ondare historikoa balioan ipini du Arteagak. "Gasteizko enpresa bat baserriaren balioa aztertzen aritu da. Ikerketa bat egin zuen, eta horren arabera, 500 urte inguru ditu etxeak. Fase desberdinetan aldatuz joandako etxea da, baina bere lehen aztarnak duela 500 urte inguruakoak dira", azaldu du.

Abadiñoko Udalak herriko leku-izenen toponimia mapa argitaratu zuen 2011n. Argitalpen horren arabera 'Mendilibar (Artzeaga)' da baserriaren berezko izena. Hango familiako kideek, baina, beti izendatu izan dute 'Mendilibar-erdikoa' lez. "Guretzat beti izan da Mendilibar-erdikoa", dio Arteagak.

Konfinamendua indarrean dela, aurrera doaz AHTren lanak. Dela 'Mendilibar (Artzeaga)' edo dela 'Mendilibar-erdikoa', aurrerantzean baserri bat gutxiago izango da Abadiñon.

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!