Udaletik plazara

Abadiñoko Udalak 5.000 euro bideratuko ditu enpresa berrien sorrera sustatzeko

Anboto 2020ko mai. 4a, 18:52

Matienan, Zelaietan edo Muntsaratzen enpresa onena sortzen duen proiektua sarituko dute. Ideiak aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da. EH Bilduren ustetan, ekimena "ez da nahikoa".

Iñaki Rekalde Abadiñoko Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak azaldutakoaren arabera, ekimen honekin udalak enpresa eta enplegu berriak sortzea bultzatu gura du "are gehiago koronabirusaren krisiak eragindako kalteei aurre egiteko pizgarriak behar diren garai honetan".

Proiektuak aurkeztu aurretik, Amankomunazgoko Behargintza zentroan aholkularitza jaso ahalko dute parte hartzaileek. Lehiaketa ez dago abadinarrei soilik zuzenduta, baina bertakoa izatea hobetsiko dela ere gehitu du udalak oharrean. Mikel Garaizabal alkatea izango da Balorazio-batzordeko presidentea, eta bertan egongo dira, baita, udal taldeetako ordezkariak, eta udaleko eta Behargintzako teknikariak.

"Aukera bat galdu dugu"

Abadiñoko EH Bilduren ustetan, ostera, apirileko bilkuran aukera bat galdu zen Abadiñoren berpizkunde ekonomikoa suspertzeko. "Etorkizuna gure erabakien eta erritmoen menpe dago, herritarrek baliabideak behar dituzte, eta orain behar dituzte, batzuentzat beranduegi iritsiko direlako, bestela". Koalizio subiranistaren berbetan, koronabirusaren ondorioz hainbat inbertsio atzeratu egingo da, eta beste partida batzuk ezingo dira erabili, beraz, aurrekontuak berrikusi eta "suspertzearen zerbitzura" bideratu beharko litzateke diru hori. "Apalki pentsatzen dugu Abadiñoko suspertze ekonomikoak osoko bilkuran onartutako neurrietatik harago joan behar duela, 5.000 euroko lehiaketa bat edo alokairurako laguntza batzuk baino harago, zazpi gazterentzako soilik izango direnak ez dira nahikoak".

Hain zuzen ere, bilkura berdinean gazteen etxebizitza alokairuetarako bideratuko den laguntza onartu zen, baita ere. Hilero, gazteei 250 eurorainoko laguntza emango zaie. Laguntza hauek eskatzeko epea urte amaieran zabalduko da, bertan onartuko baita laguntza hauetarako deialdia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!