Udaletik plazara

Abadiñon minbiziaren aurka egitekoa zen jaialdia "indartuta eta gogo handiz" bueltatuko da datorren urtean

Ekaitz Herrera 2020ko api. 23a, 20:43

Iazko spinning maratoiaren une bat.

Abadiñon ekainean egitekoa zen jaialdi solidarioa bertan behera utzi du koronabirusaren krisialdiak. Antolatzaileek, baina, argi dute honakoa ez dela 'agur' bat; 'gero arte' bat baino. Datorren urtean "indarberriturik" itzuliko da 'Eragiezu pedalei irribarre batengatik' jaialdia

Ekainean egitekoa zen jaialdia. Dena zegoen prest: herriko kirol eragileen babesa, taberna eta denden inplikazioa, kirolarien grina, musikarien ekarpena eta boluntarioen elkarlana. Antolatzaileek, baina, ezinbestean, ekitaldia ezeztatu behar izan dute. "Argi ikusten dugu nolako egoera bizitzea egokitu zaigun, eta ulertzen eta babesten ditugu Covid-19aren pandemia geldiarazteko ezarri diren neurriak. Horregatik, "Eragiezu pedalei irribarre batengatik” ekimenaren antolatzaileok —Peque-Ropa, Rhythmic Bike, Emtesport, Abadiñoko Udala eta hainbat boluntariok— erabaki dugu bertan behera uztea ekainerako aurreikusita zegoen gure ekimenaren laugarren edizioa", azaldu dute ohar batean.

"Indartuta eta gogo handiz" itzuliko den jaialdia

Inma Zapardiez bizilagun abadiñarra da ekitaldia koordinatzen ibili den herritarretako bat. Bere esanetan, aurtengo edizio ezeztatzearen ondorioz are eta indartsuago itzuliko da jaialdia datorren urtean: "Indartuta, berrituta eta gogo handiz bueltatuko gara", azaldu dio ANBOTOri. Zapardiezek, gainera, herritarrek eta herriko eragileek jaialdiarekiko duten konpromisoa nabarmendu du. "Herritarrekin eta inplikatutako sektore guztiekin (enpresak, ostalaritza, merkataritza...) dugun erantzukizunak eraman gaitu erabaki hori hartzera" azaldu du.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkie "ekimenari laguntzeko hitza emana zuten enpresei, ekitaldia alaitzeko baietza emana zuten herriko eta Durangaldeko musika taldeei, Panpotxek eskaintzen dizkigun haurrentzako tailerrei, eta beren hondar aletxoa jartzeko prest dauden hainbeste pertsona solidariori. Datorren urtean berriro gurekin izango zaretelakoan, eskerrik asko denoi, eta 2021ean laugarren edizioan elkar ikusi arte".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!