“Txekiako Errepublikan giltzarria izan da maskaren erabilera higieneagaz eta isolamendu sozialagaz konbinatzea”

Ekaitz Herrera 2020ko api. 18a, 10:00

Ainhoa Araujo Piron (Abadiño, 1980) Pragan bizi da, Txekiako Errepublikako hiriburuan. Lan kontuak direla-eta, bost urte daramatza han bizitzen. Txekian derrigorrezkoa izan da maskarak erabiltzea, hasieratik. Araujok dioenez, horixe izan liteke herrialdeak pandemiari hobeto eutsi izanaren arrazoietariko bat. Maskaren derrigorrezko erabilera higiene eta isolamendu neurriekin konbinatu dituzte han.

Txekiako Errepublika nahiko txoko urruna da Durangaldetik ikusita. Apenas dugu horko informaziorik. Zein da horko egoera koronabirusaren krisian?
Kontu handiz ari gara jokatzen. Egia esan, herritarrak arduratsuak dira. Osasun krisia hasi zenetik hona, gobernuak etengabeko komunikazioa mantendu du herritarrekin. Mugikorretara aldiro-aldiro heltzen zaizkigu mezuak. Eta herritarren jokabidean ere ikusten dut ardura hori. Hemen baimenduta dugu kalera irtetea. Gehienez lagun bik irten dezakegu batera, eta ezinbestekoa da maskara erabiltzea. Pragako erdigunean bizi naiz. Parke handi bat dago nire etxe ondoan, eta ikusten dut herritarrek zehatz betetzen dituztela neurriak. Jendeak zelanbaiteko lasaitasunez bizi du egoera hau. Ez dago histeria zantzurik.

Jokabide eta jarrera horiek zein isla dute kutsatuen eta hildakoen indizeetan?
Aste honen hasieran (martitzenean), baieztatutako 6.059 kasu zeuden Txekiako Errepublika osoan. Batez bestekoaren azpitik gaude. Polonian ere hemengo antzera daudela dirudi. Dena dela, datuak ezin dira erabateko ziurtasunez interpretatu.

Euskal Herriko osasun langileek hainbat bider salatu dute babes ekipamenduak falta dituztela. Txekiako Errepublikan ere gertatu da halakorik?
Ez, ez da horrelako arazorik egon. Are gehiago: Txekiako Errepublikak osasun material dezente bidali die dohaintzan Espainiari eta Italiari. Ospitaleetan ez da saturaziorik egon. Beti izan dira oheak libre.

Badirudi Txekiako Errepublikak Euskal Herriak eta beste hainbat herrialdek baino hobeto eutsi diola pandemiari. Zergatik ote?
Hemen hartutako neurririk eraginkorrenetariko bat Pragako aireportua berehala zarratzea izan zela esango nuke. Oso arin itxi zuten. Urtarrilaren 30ean jada bagenekien txinatarrek ez zutela Txekiako Errepublikara bidaiatzeko aukerarik. Gerora, martxoaren 12an, guztiz zarratu zuten aireportua. Ezinezkoa zen Pragatik irtetea. Eta herritarren batek Espainiatik edo Italiatik hona itzuli behar izanez gero, hamabost egunean egon behar zuen etxean isolatuta. Bestalde, informazioa ere funtsezkoa izan da. Giza Baliabideetako eta Lan Istripuen Prebentziorako Sailek hainbat hitzaldi informatibo eskaini zituzten enpresetan zein bulegoetan. Jokabide protokoloak diseinatu ziren, baita eskuak zelan garbitu behar ziren azaltzeko ere. Horrez gainera, maskaren erabilera aipatu beharra dago. Giltzarria izan da herritarrak babesteko. Botiketan maskarak saltzeari utzi zioten eta herritarrek etxean egiteari eta josteari ekin zieten. Bufandak ere erabili izan ditugu ahoa eta sudurra tapatzeko. Laburbilduz, nire ustez hauetxek izan dira gakoak Txekiako Errepublikako osasun sistema ez kolapsatzeko: aireportua arin ixtea, herritarrek jasotako informazioa eta formakuntza, eta maskarak erabiltzea.

Sintomarik ezean maskara ez zela behar esaten zen hemen. Orain, baina, denek erabiltzea "gomendagarria" dela diote agintariek. Txekiako Errepublikan egon al da modulaziorik maskararen diskurtsoan?
Hasieratik derrigorrezkoa izan da kalera irteteko. Isun handiak zeuden. Dena dela, urgentzietan lan egiten duen mediku bategaz partekatzen dut etxea, eta hark dioenez, maskara, bere horretan, ez da izan giltzarria. Giltzarria izan da maskararen erabilera higiene onagaz eta isolamendu sozialagaz konbinatzea. Hiru neurrien konbinazioa izan da giltzarria. Gero, bada beste kontu bat ere. Jenderik gehienak bulegoetan lan egiten du hemen. Ez da horko moduan. Ez dago industria handirik edo automozioko piezen ekoizpenik. Horrek ere erraztu du jendea etxera bidaltzea eta kontrol neurriak hobeto segitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!