“Espainiatik nentorren emakumea nintzela eta kalean nenbilela argudiatuta, pertsona batek salaketa anonimoa ipini zidan”

Jone Guenetxea 2020ko api. 16a, 13:30

Consuelo Gomil Peluffo uruguaiarra den arren, bizitza erdi baino gehiago darama Durangaldean. Jose Luis Bengoa Madariaga senarra eta biak Uruguaira joan ziren martxoaren 7an, Consueloren ama bisitatzera. Harrezkero gertatu zaiena amesgaiztoa izan da.

Jose Luis eta Consuelo, zelan zaudete?
Consuelo Gomil: Ondo gaude. Badugu etxea hemen, eta nire ama gaixorik dagoenez, beragaz egoteko aprobetxatzen ari gara. Hala ere, azken asteotan gertatu zaiguna oso gogorra izan da.

Martxoaren 7an joan zinetenean, zein plan zenuten?
C.G.: Amak 90 urte ditu, eta bera bisitatzera etorri ginen. Itzultzeko hegaldia apirilaren 21erako hartu genuen. Etorri ginen egunean, koronabirusa dela-eta gauzak lasai zeuden Euskal Herrian. Gero gertatu zen guztiagaz, apirilaren 21eko hegaldia bertan behera gelditu zen. 

Zein aukera eman zizueten bueltatzeko?
Jose Luis Bengoa.: Hegazkin bat ipini zuten martxoaren 28rako, Uruguaitik itzuli gura genuen denontzat. Hegaldi hura hartzeko asmoa genuen.

Zer gertatu zen hegaldi hori ez hartzeko?
C.G.: Egun batzuk lehenago sukarra izan nuen eta klinika batera joan nintzen. Tenperatura hartu zidaten eta ezelango testik egin barik koronabirusa nuela esan zidaten. Ez nuen beste sintomarik. Nik banekien ez zela horrela. Seguru nengoen aire egokituak egin zidala kalte. Baina nire adina eta sukarra kontuan hartuta, medikuak koronabirusa zela esan zidan. Kontsulta hori 400 euro kobratu zidaten. Testa egin gura nuen, baina esan zidaten ZIUkoei baino ez zietela egiten.   

Etxera joan zinen, eta polizia ere etxetik pasatu zen.
C.G.: Egunean bertan, klinika horrek salaketa ipini zidan eta polizia etxera etorri zitzaigun  berrogeialdia egin behar nuela esateko. Hegaldia zain genuenez, nire kontura test bat egitea erabaki nuen. Kontua da asko tardatu zutela emaitzak ematen, eta ezin izan genuen hegaldia hartu.

Zein izan zen emaitza?
C.G. : Negatibo eman nuen, jakina. Negatiboa baieztatu barik, hegaldiaren egunean ez genuen aireportura joateko asmorik. Hala ere, polizia gure bila ibili zan han ere.

Uruguaira heltzeagaz batera, salaketa anonimo bat jaso zenuen, Consuelo.
C.G.: Espainiatik nentorren emakumea nintzela eta kalean nenbilela argudiatuta, pertsona batek salaketa ipini zidan modu anonimoan. Koronabirusa ekarriko nuen beldurrez? Ez dakit.

Jendearen elkartasuna ere sentitu duzue.
C.G.: Gure eguneroko botikak lortzea ez da erraza, eta San José Hiriko lagun batzuen bitartez lortu ditugu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Argentinan duen ordezkaritzakoek asko lagundu digute.

Eta orain zer egingo duzue?
J.L.B: Aukera eman ziguten Guyana Frantsesera hegazkin militar batean joateko, eta handik gure kontura Parisera. Ez genuen onartu, ez dagoelako modurik Paristik Euskal Herrira joateko, eta ez dugulako bidean harrapatuta gelditu gura.

Zein eragin izan du koronabirusak Uruguain?
J.L.B.: 10.000 test egin dituzte eta 550 kasu atzeman dituzte Uruguai osoan. Momentu honetan, neurriak ezarri beharrean, gobernua aholkuak ematen ari da. Garraio publikoan joateko, maskarak banatzen dituzte. Hemen udazkena dator orain, eta beste gripea hasten denean ez dakigu zein izango den egoera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!