Zelan daramazu isolamendua?
Ondo daramat, entretenituta nabil. Bakarrik bizi naiz eta neure janaria neuk prestatzen dut. Kalera ezin denez irten, balkoian paseatu eta alboan bizi den Rosigaz berba egiten dut. Rosi nire etxera etortzen da etxeko lanak egiten laguntzera. Gainera, sei seme-alaba ditut eta sarritan etortzen dira ni bisitatzera. Arratsaldero osasun arloko langileei euren lana txalotzeko deituta dagoen ekitaldian ere parte hartzen dut. Egunero irteten dut txalotzera, umoreari eutsi beharra dago! Lan handia egiten ari dira eta eskertzekoa da.
Ez duzu aspertzeko astirik!
Ez, ba! Ondo nago. Telebistan futbola eta esku pilota ikustea gustatzen zait gehien. Egunkaria ere irakurtzen dut eta ez dut betaurrekorik behar letrarik txikiena irakurtzeko ere.
Egunkarietan irakurtzen duzunak kezkatzen zaitu?
Koronabirusa arriskutsua da, adinekoontzat zein beste askorentzat. Denok zaindu behar dugu ahalik eta gehien. Anbulatoriotik sarritan etortzen zaizkit zelan nagoen ikustera, eta ondo nagoela esaten diet.
Zein da hain osasuntsu mantentzeko sekretua?
Sano elikatzea, horixe azpimarratuko nuke. Janari frijituagaz gehiegikeriarik ez egitea eta fruta eta barazki asko jatea. Horrela elikatzen ahalegintzen naiz. Ehun urte ditut eta ez dut pastilla bakar bat ere hartzen, zorionez. Etxera analisiak egitera etortzen zaizkidanean, emaitzak onak izaten dira. Zer gehiago eskatuko dugu, bada?
Momentu latz asko igarotakoa zara; gerrak, esaterako.
Gerra zibila, bigarren mundu gerra... Gerretan ez da oroitzapen onik geratzen. Soldaduska egiten hasi nintzenean hasi ziren gerrak. Batez ere, bideak egiten eta antzerako lanetan ibili behar izan nuen zazpi bat urtean, Teruelen, Zaragozan, Irunen eta beste hainbat tokitan. Urte gogorrak izan ziren eta gogoratzen ditudanean triste ipintzen naiz. Seme-alabei gauza bera esaten diet beti: "Ez dezazuela sekula pasatu nik pasatu behar izan nuena".
Konfinamendua ezohiko egoera da. Gaur bizi dugun antzerako egoerarik bizi izan duzu?
Arabako Baranbion jaio nintzen, eta gogoan dut umea nintzela hainbat pertsona hil zela nire auzoan, tuberkulosiak jota. Aspaldiko kontua da, baina gogoratzen dut. Beste sasoi batzuetan ere gertatu dira gaixotasunak, zoritxarrez. Bizitza honetan denerik pasatzea egokitu zaigu!