Sare sozialetan ikusi dugu zeure burua aurkeztu duzula beharrizana duten herritarrei laguntzeko. Zelan otu zitzaizun ideia?
Psikologiako profesionala izanda, jakinean nago koronabirusaren eraginez bizi dugun salbuespen egoera honek aldaketak sortu dituela gure egunerokotasunean, eta sortuko dituela. Aldaketa horiek erraztu egin dezakete ondoeza agertzea, mota askotako ondoeza: ezinegona, estura, bizikidetzan zailtasunak... Beraz, hori jakinda eta elkartasunerako momentua dela pentsatuta, Abadiñon neure aletxoa ipini gura dut.
Zelako erantzuna jaso duzu?
Mezua plataforma batean ipini nuen, eta jendeak eskertu zuen. Oraingoz, dei bi jaso ditut.
Jendeari kostatu egiten zaio pauso bat eman eta laguntza eskatzea?
Gizarte honetan, modu batean edo bestean, jende askok zaurgarritasunagaz eta ahultasunagaz lotzen du laguntza eskatzeko kontzeptua, baina oso erratuta gaude. Ez gara konturatzen laguntza eskatzen jakitea oso baliagarria den gaitasuna dela, eta oso baliabide garrantzitsua gure egunerokotasunerako. Kontuan izan behar dugu hau elkartasunerako momentua dela, eta jendea laguntzeko prest dagoela. Beraz, aprobetxatu behar dugun baliabidea da.
Zer esango zenieke herritarrei?
Elkar errespetatzeko, maitatzeko eta elkar ulertzeko momentu batean gaudela, eta argi izan behar dugula egoera amaituko dela. Horrez gainera, beharrizana sumatuz gero laguntza eskatzeko esango nieke. Aurreiritziak eta estigmak alde batera uzteko garaia dela. Jende asko dago laguntzeko prest.
Urtean zehar, ume eta gazteekin lan egiten duzu batez ere. Ia hilabete daramate etxean sartuta, irten barik. Zelan uste duzu kudeatu behar dutela, bai eurek, bai euren familiek, egoera hau?
Lehenengo eta behin, umeak eta euren gurasoak egiten dabiltzan lana txalotu gura nuke. Familiarik gehienak oso ondo aurre egiten dabiltza ezohiko egoera honi. Dena dela, egoerari begiratzeko ikuspuntua aldatzea aholkatuko nieke; hau da, egoera hau aukera bat lez ikustea. Normalean egin ezin ditugun gauzak egiteko tartea hartzea eta horiekin disfrutatzea gomendatuko nieke, besteak beste. Argi dago umeek emozionalki gorabeherak izango dituztela; beraz, horiek errespetatu eta azaleratzen laguntzea ezinbestekoa izango da. Bestalde, ez da lehiakortasuna bultzatzen duten jolasetan aritzeko garaia, ezta beldurrezko zein dramazko pelikulak ikustekoa ere. En Tol Sarmiento musika taldearen Aukera berriak abestia altu-altu ipini eta dantzatzeko momentua da.
Horrez gainera, gurasoei esango nieke garrantzitsua dela egoera berezi honetan umeen esfortzua baloratzea, eta eurak horren jakitun izatea; egoera honetatik irteteko ezinbestekoak direla esatea.
Umeekin egoera honetaz berba egitea komeni da? Zein puntutaraino kontatu behar zaie?
Sarritan uste dugu umeek ez dutela askorik ulertzen, eta hori hankasartzea da. Eurentzat garrantzitsua da jakitea euren bizimoduan zerk eragin duen aldaketa hau eta baita norbaitek azaltzea ere horri zelan aurre egin diezaioketen. Ulergarri egiten zaizkien berba eta kontzeptuekin eman behar zaizkie azalpenak. Ez da komeni ulertu dezaketena baino gehiago azaltzea.
Garrantzitsua da egoera honetan errutina batzuk markatuta izatea?
Errutinek ziurtasun sentsazioa ematen digute eta ez diote lekurik uzten ezjakintasunari. Beraz, garrantzitsuak dira, baina, hala ere, gaur egun bizi dugun egoeran norbanakoaren egoera emozionala lehenetsi behar da. Exijentziak murrizteko unea da, malguagoak izan behar dugu.
Ume baten ikasketa ibilbidean aste batzuetan eskolara ez joateak etorkizunean eragin dezakeela uste duzu?
Alde horretatik, oso ikuspuntu positiboa dut. Ez dut uste eragin nabarmenik izango duenik ikasleen ikaskuntza akademikoan. Gaztetxoen egokitzapen gaitasuna etenaldi honek suposatzen duen traba baino askoz ere handiagoa da. Bi edo hiru hilabetean eskolara joan ez arren, bueltan oso erraz egokituko dira; horretarako ahalmena dute. Hala ere, ikusi egin beharko da Hezkuntza Sailak eta Gobernuak zelan kudeatzen duten egoera hau.