Larrialdi egoera ezarri zenetik Elorrion bizi zara, bakarrik. Abadiñon bizi da zure familia. Zerk eraman zintuen erabaki hori hartzera?
Kontaktu zuzena dugu koronabirusagaz. Lehenengo lerroan gabiltza lanean, eta ez digute testik egiten birusa dugun jakietako. Gertatu daiteke Covid-19a izatea eta inolako sintomarik ez edukitzea, birusa zugan izan arren. Egoera horren aurrean, aitari esan nion egun hauetan etxera ez joatea zela onena. Amama Galizian bizi da eta etxe bat du Elorrion. Hantxe bizi naiz osasun larrialdi egoera hasi zenetik.
Zelan daramazu egoera hau?
Lanorduak amaituta, ahal dudan neurrian etxekoekin berba egiten dut. Daramadan zama psikologikoa arintzeko modua da. Gurasoekin eta anaiagaz berba egitea askapena da niretzat. Orain, familia eta bikotekidea ez ditut ikusten, eta bakardadea handia da. Sare sozialen bitartez komunikatzen gara, bideo deiak eginda, baina aurrez-aurrekoaren falta igartzen dut, eguna amaitutakoan solasaldi bat izatearen falta.
Anbulantzia batean lan eginda, handia da koronabirusa hartzeko arriskua. Baduzue modurik horri aurre egiteko?
Logistikako lankideek eginahalak egiten dituzte gu materialez hornitzeko. Oraingoz baditugu babesteko baliabideak. Horregaz ez dut esan gura anbulantzia guztietan baliabideak dituztenik. Norbere babes ekipamenduaren barruan, paperezko lan-jantzia eta oinetako-babesak ditugu, eta iragazki berezidun maskarillak (FFP2). Azken horiek birziklatu egiten ditugu, enpresa hornitzaileak ez duelako nahikoa stock eskariari erantzuteko. Hortxe apurtzen da katea. Garraiolariak ere dena emanda ari dira, eta ahal duten heinean banatzen dute. Berrerabiltzen dugunetik aparte, beste materialen bat ere erabiltzen dugu, zeozelan moldatzeko. Esate baterako, oinetako-babesak agortu egin dira eta zabor poltsak erabiltzen ditugu.
Babes materiala biltzeko ekimena hasi duzu sare sozialen bitartez. Horretan murgilduta zabiltza orain.
Bai. Itxi beharra izan duten enpresetan, langileentzat erositako hainbat maskarilla eta eskularru dituzte erabili barik. Horiek batzen nabil, ospitaleetan, anbulatorioetan, zahar-egoitzetan eta abarretan banatzeko. Material asko dago aurretik erosi dena eta orain erabiltzen ez dena.
Esan duzu ez dizuetela probarik egin koronabirusa duzuen jakiteko. Zalantza handia sortuko dizu horrek.
Bai. Orain hamabost egun ditut libre hartzeko, eta ezin naiz etxera joan, ez dakidalako koronabirusa dudan ala ez. Testak egitea beharrezkoa da. Ditugun abisu guztietara maskarillagaz joten gara, inor ez kutsatzeko. Gure gain hartu dugu ardura hori, prebentzio neurri modura. Izan ere, baliteke hanka apurtu duen norbaiten etxera joan behar izatea eta aurretik koronabirusa duen norbaitegaz egon izana.Arriskua hortxe dago beti, babesteko ekipamendua jantzi dugun arren.
Zuen burua eta gaixoarena ere babestu beharrean zaudete.
Bai. Koronabirusaren larritasun maila Covid-19aren birus-kargagaz dago lotuta. Birusagaz zenbat eta kontaktu gehiago izan, orduan eta indartsuagoa bihurtzen da. Koronabirusagaz loturarik ez duten abisu eta osasun larrialdiei ere erantzun behar diegu eta gu babestu beharrean gaude inor ez kutsatzeko. Koronabirusa duen gaixoarengana joan behar dugunean, esan egiten digute, babeserako ekipamendua ipini dezagun. Baina iktusa izan duen batengana bagoaz, hasieran behintzat ez dugu jantzi behar. Gertatu daiteke gero jakitea gaixoak egun batzuk sukarragaz eman dituela. Horrelakoetan, Covi-19aren aurrean ahultasun egoeran zaude, jakin barik. Horixe da arriskutsuena. Gaixoak zer duen argi esatea oso lagungarria zaigu neurriak hartu ahal izateko, eta denontzat da onuragarria. Ez gara kutsatuko, laguntzen jarraitzeko aukera izango dugu eta ez dugu birusa beste inora zabalduko. Material falta kontuan hartuta, abisu guztietara babes ekipamenduagaz joatea materiala alferrik galtzea litzateke.
Koronabirusaren eraginez, asko handitu da larrialdi abisuen kopurua?
Bizkaian bikoiztu egin dira. Egunean 1.000tik 1.200 abisura egon ohi dira, eta orain 2.400-2.800 abisuren bueltan gaude. Gehienak koronabirusagaz lotutakoak. Prebentzio fasean egon gara eta hartutako neurrien emaitzak ikusten hasiko gara orain. Kutsatze kurbaren gailurrera helduko gara laster. Egoerak gainezka egingo duen beldur gara, ikusita zelan gabiltzan prebentzio fasean.
Funtsezkoak ez diren jarduerak eten dira asteon. Ondo ikusten duzu?
Hasieratik egin behar zen. Eragin ekonomiko, sozial eta sanitarioa samurragoa izango zen. Bilbon jende asko ikusi dut kalean, larregi, lanera joatera behartuta. Mugimendu horrek birusa indartu du.