“WhatsApp bidez antolatuta ari gara ortuariak bezeroei helarazten”

Ekaitz Herrera 2020ko api. 4a, 13:00

Baserritar askoren egoera paradoxikoa da: baimenduta dagoen lan bakarrenetarikoa izan arren, askok zailtasunak dituzte ortuariak ohiko puntuetan saltzeko. Durangaldeko herrietan egin ohi diren merkatu plazak bertan behera gelditu dira, salmentarako toki bat galdu dute eta horren aurrean beste bide batzuk indartu behar izan dituzte. Lan egitea eta herritarrak elikagaiz hornitzea dute erronka. Abadiñoko Otsein baserriko kideak dira egoera horren adibide, sasoi bateko Patremoso baserriko kideak. Gema Agirrek (Abadiño, 1961) erantzun die galderei.

Zelakoak izaten ari dira egun hauek baserritarrentzat?
Egunean egunekoa bizitzen gabiltza, gerokoari larregi begiratu barik. Betiko bezeroen tratuari eusten diogu; badugu fideltasun hori. WhatsApp bidezko mezuen bitartez komunikatzen gara herritar batzuekin. Zein jenero gura duten adierazita, eskariak zein tokitan utzi ditzakegun adostuta,... horrela ari gara WhatsApp bidez. Urte osoan erosleak diren herritarrak arduratuta daude. Badute interesa. Bestalde, zenbait supermerkatu eta elikagai denda ere hornitzen ditugu.

Merkatu plazak bertan behera gelditu dira herri askotan.
Gu Durangoko eta Traña-Matienako (Abadiño) plazetara joan izan gara beti. Konfinamendua ezarri bezperan, barikuan, jenero guztia prest genuen hurrengo egunean Durangoko merkatura saltzera eramateko. 21:00 aldera, baina, udaletik deitu ziguten merkatu plaza bertan behera geratuko zela esateko. Esan ziguten merkatuaren  jarduera behin-behinean eten zutela, segurtasun arrazoiengaitik eta kutsatzeak ekiditeko. Gogorra da egoera, baina ulergarria ere bai. Errespetua behar da. Azken finean, guk ere ez dugu gaixotu gura. Asteburu hartan prestatutako jeneroa inguruko denda eta supermerkatuetan banatu genuen. 

Baserriko produktuak bakarrik saltzetik bizi zarete?
Bai. Ez dugu bestelako diru sarrerarik. 1981etik ari gara honetan lanean. Familiako hiru kide gabiltza: senarra, semea eta ni. Orain, neguko produktuen hondarrekin ari gara: zerbak, espinakak, azaloreren bat,... egun batzuk barru ilarrekin eta tipulinekin hasiko gara. 

Zer esango zenieke herritarrei?
Amesgaiztoetan ere ezin zitekeen imajinatu denok bizitzen ari garen egoera hau. Animoak eman gura dizkiot jendeari. Hau pasatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!