"Konfinamendua zigor bikotza da autismoa duten herritarrentzat "

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 27a, 16:00

Unai Sagastabeitiak 21 urte ditu eta Abadiñon bizi da Koldo Sagastabeitia eta Yolanda Azkarate aita-amekin. Geu Be elkarteko kidea da. Autismoaren Espektroko Nahastea (AEN) eta Angelman sindromea ditu. Dekretua eraldatu zenetik, kalera irteteko aukera du. Unairen amak erantzun die ANBOTOren galderei.

Zelan daramazue konfinamendua?
Egoera zaila da. Unai oso soziala da. Izaera zabala du, jendearengana gerturatzen da, besarkadak ematen ditu... eta konfinamendu egoera hau zigor bikoitza da berarentzat. Etxean egon behar dugunontzat egoera gogorra bada berez, are gogorragoa da bere kasuan. Gatxa da gertatzen dabilena berari azaltzea: ezin dela kalean egon, tabernak zarratuta daudela, litxarreria dendak itxita daudela... hori berari ulertaraztea ez da erraza. Aurrekoan Geu Be elkartera joan eta atea jo genuen. Bistakoa zenez, ez zegoen inor. Baina Unaik egoera hori bere hizkuntzan ulertzeko beharrizana zuen, ez zegoela inor kalean.

Lehenengo astean ezin zenuten kalera irten; orain, posible duzue.
Apnabi elkartean sartuta gaude, Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten familia bizkaitarren elkartean. Angelman sindromearen inguruko elkartean ere bai. Elkarte hauen partetik eskari asko egin zitzaizkion Espainiako gobernuari, gure kasuan kalera irteten uzteko. Eta jaramon egin digute.

Zein baldintza bete behar dituzue kalera irteteko?
Kalera identifikatzeko moduan irteteko eskatzen dute dekretuan. Ezgaitasun txartela eramateaz gainera, besoan xingola urdin bat ipintzen dugu. Pertsona bakar batek irten dezake beragaz. Gu Abadiñon bizi gara eta herri txikia izanda, jendeak ezagutu egiten gaitu. Kalean ikusten bagaituzte, auzotarrak jabetzen dira egoeraz. Ulertzen dute zergatik gauden kalean. Gune urbanoetan beharbada gatxagoa izango da hori, baina hemen jendearen gertutasuna sumatzen da, berotasun bat.

Etxean zaudetenean, zelan ematen dituzue orduak?
Unaigaz errutina bat egiten ahalegintzen gara. Pijama kentzea, armosatzea, ariketak,... ez da erraza entretenitzea. Kontuan hartu behar da kontzentrazioak zazpi bat minutu irauten diela. Etengabe egon behar duzu egoera aldatzen. Youtubeko bideoak ikusten, ipuinak kontatzen, siestan edo amamari telefonoz deituta pasatzen dugu denbora. Betiko errutinara bueltatzeko gogoz gaude. Baina badakigu itzulera ere gatxa izango dela Unaigaz. Adaptazioa beharko du, beste frustrazioak eta gaitasunak desberdinak dira kudeatzeko eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!