“Bonbardaketaren ostean, gurdian janaria sartu eta Zornotzara joan ginen”

Jone Guenetxea 2020ko mar. 31a, 10:00

Etxe berean bizi gara tia Juli eta biok. Gertu bizi gara, baina distantzia batera koronabirusaren krisia dela-eta. Inoiz entzun diot bonbardaketari eta gerrari buruz berba egiten. Gaur, kazetari honen elkarrizketatu bihurtu da. Une batez, covid 19aren gaia alde batera utzi eta memoriaren atea zabaldu dugu.

Non zeunden 1937ko martxoaren 31n?
Alegria deitzen den Abadiñoko baserri batean nengoen. Hegazkinak Durango aldera joaten ikusi genituen, eta, ondoren, bonbak jausi zirenean, ke itzela sortu zuten.

Biok bizi garen Jandustegi baserrian amama Manuela bizi zen. Egun horretan plazara joan zen fruta saltzera. Ezagutzen duzu bere istorioa?
Manuela nire ahizparen amaginarreba zen, eta gerora ezagutu nuen hari gertatutakoa. Alarguna zen eta hiru seme txiki zituen. Senarrak utzitako zor asko zituen ordaintzeko. Egun horretan, zapatua zenez, Durangoko merkatura joan zen jeneroa saltzera, inguruko beste neska bategaz. Durangora heldu ziren eta bonbardaketa hasi zen. Kontatzen dutenez, astoa baserrira heldu zen, baina bera ez zen ageri. Antza denez, Muruetako lubaki batean eskutatu zen hegazkinak joan arte. Beragaz joan zen neska hil egin zen.

Bonbardaketaren ondoren, zer egin zenuten?
Abadiñotik alde egin genuen. Gurdian janaria sartu eta Zornotza aldera joan ginen. 9 urte nituen eta oinez joan ginen. Gauez heldu ginen Zornotzako baserri batera eta denbora baterako bertan babes hartu genuen. Handik Zallaraino heldu ginen. Han, zubiak eta dena bonbardaketekin apurtu zituzten, eta buelta eman behar izan genuen. Aste batzuk bidean egin genituen.

Gernikako bonbardaketa Zornotzatik ikusi zenuen.
Zornotzako baserriko umeekin landan olgetan nengoela, Gernika bonbardatzen hasi ziren. Arineketan hasi nintzen eta alanbre bategaz belaunean zauria egin nuela gogoratzen dut. Marka hori bizi guztian izan dut. Izugarria izan zen. Hegazkinak eta su itzela ikusi genituen.

Zornotzatik Zallara bidean nora joan zineten?
Zornotzan gurdia hartu eta Alonsotegira joan ginen. Hango baserri batera joan ginen eta bertakoek janaria lapurtzen ziguten. Lapikotik ere osten ziguten. Kamaran lo egiten genuen, ilaran.

Abadiñora itzuli zinetenean, zer aurkitu zenuten?
Ferialekuan bizi ginen, etxe estreinatu berrian. Bueltatu ginenean, etxea hutsik zegoen. Dena lapurtu ziguten.

Jakin zenuten nork lapurtu zizueten?
Gure aitak josteko makina herriko pertsona baten balkoian ikusi zuen. Veritas markako makina zen. Herriko neskato bat nire soinekoa aldean zuela ikusi nuen. Ez zait sekula ahaztuko. Marrubien marrazkiak zituen. Soldadu batek oparitu ziola esan zidan. Batek daki.

Zelakoa izan zen itzulera?
Gure aitak tifusa harrapatu zuen, eta oso gaixorik itzuli zen Abadiñora. Ezin zuen lanik egin. Gainera, oso kutsakorra zen. Berrogeialdia ezagutu zuen, bai. Burua joan zitzaion.

Tifusa etxean pasatu zuen?
Bai, ondo zainduta. Don Pedro medikua gure senidea zen eta amari ondo azaldu zion zer egin behar zuen, bai garbiketa aldetik, baita elikadura aldetik ere. Aita, Genaro Uriarte, osatu egin zen, ondo osatu ere. 97 urtegaz hil zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!