Udaletik plazara

[BIDEOA]: EHUko hiru ikasle Argentinatik Euskal Herrira itzuli ezinda daude, tartean Elene Quintana abadiñarra

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 25a, 15:29

Mugikortasun programa bat egitera Argentinara joandako EHUko hiru ikasle Euskal Herrira itzuli ezinda daude. ANBOTOk Elene Quintana abadiñarrarekin hitz egin du. Quintana otsailaren 26an heldu zen Argentinara eta uztailera arte bertan geratzekoa zen. Koronabirusaren krisiak eraginda, unibertsitatea itxi zioten duela astebete. Ordutik etxera itzuli ezinda dago. 

Noiztik zabiltzate Euskal Herrira itzuli guran?
Duela astebete inguru unibertsitatea itxi ziguten, eta Argentinan gauzak okertzen hasi zirela ikusi genuen. Orduan, onena etxera bueltatzea zela pentsatu genuen. Kontsulatuarekin eta unibertsitatearekin hitz egiten hasi ginen, besteak beste. Kontsulatuan hegaldiak hartzeko zerrenda bat zegoela esan ziguten. Zerrenda horretan lehentasuna hegaldia erosita zutenek dutela esan ziguten, ostean pertsona zaurgarriak zeudela eta ondoren, beste guztiak geundela. Orduan onena gure kontura mugitzen hastea zela pentsatu genuen. 

Zer egin zenuten?
Cordobako probintziako kontsulatutik Txileko edo Brasileko fronteratik hegaldi bat hartzea aukera bat izan zitekeela esan ziguten. Birritan pentsatu gabe hegaldia hartu genuen, bakoitzak 800 bat euro ordainduta eta Argentinako iparraldetik Buenos Airesera joateko taxi batean sartu ginen. 17 orduko bidaia egin genuen taxian eta bidean hainbat kontrol pasatu behar izan genituen. Kontsulatuak bidean ibiltzeko emandako baimenarekin aurrera egiten genuen. Baina bidean gindoazela hegaldia bertan behera gelditu zela jakitera eman ziguten. Hala ere, Buenos Aireserarte joatea aukerarik onena zela pentsatu genuen, hegaldiak hemendik irtetzen dira eta. Hemen, Buenos Airesen, Carlos ezagutu genuen, eta orain bere etxean gaude. Gaur, etxe batera joango gara. Hor behintzat lau egunerako lo lekua izango dugu.

Kontsulatuan zerbait esan dizuete?
Oraingoz ezer ez, beraiek zerbait esateko itxaroten gaude. Espero dugu egin dugun bideo honekin Euskal Herritik laguntzaren bat jasotzea eta gure egoera ahalik eta arinen konpontzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!