Juanpe Milikua abadiñarra Peruko hotel batean konfinatuta dago

Jone Guenetxea 2020ko mar. 17a, 17:03

Euskal Herritik Perura bidaian joandako talde bategaz etxera itzuli ezinik dago abadiñarra. ANBOTOren galderei telefonoz erantzun die.

Zelan zaudete Juanpe?

Ondo konpontzen ari gara. Esan digutenez hamabost egun inguru egon beharko gara hemen. Etxekoekin berba egin dut eta esan didate lasai egoteko, han ere kontua nahiko txarto dagoela.

Taldean egindako bidaia bat egiten ari zarete?
Bai. Orain hamar egun irten ginen. Ez genuen inongo arazorik izan ez Madriletik irtetzeko ezta Perun sartzeko ere. Dena oso ondo joan da, eta leku zoragarriak ikusi ditugu. Baina, egun batetik bestera dena aldatu zen. 

Noiz esan zizuten itzuli egin behar zinetela?
Orain bost egun esan ziguten estraditatu egingo gintuztela. Machu Pichu ikusi genuenean esan ziguten mugak zarratuko zituztela. Bidaia-agentziakoekin batera itzultzea erabaki genuen. 

Hasieran itzultzeko aukera bat zegoela pentsatu zenuten.
Aukera eman ziguten Cuzcotik Boliviara autobusean joateko. 500 kilometro autobusean egin eta Rio de Janeiro-Madril-Bilbo hegaldiak hartzea zen asmoa. Autobusean sartu eta ordu betera esan ziguten ezin genuela jarraitu Boliviako muga itxita zegoela. Handik hotelera itzuli ginen. Berriro maletak hartu eta Cuzcotik Limara etorri ginen. Oraintxe bertan Liman jarraitzen dugu, hotelean konfinatuta.

Zein da egoera Liman?
Ejerzito eta polizia guztia kalean dago. Ezin gara hoteletik irten botikaren bat erosteko ez bada. 

Noiz bueltatu ahalko zarete?
Esan digute hamabost egun egon beharko garela hemen. Ni oso lasai nago. Ondo gaude.

 

Argazkia: Ezkerrean, Jose Manuel La Hidalga, Matienan enpresa bat duen eibartarra. Eskuman Juanpe Milikua. Limako hotel batean daude.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!