"Sabaiagaz zerikusirik izan ez arren, sorosleak eta garbitzaileak kalera goaz"

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 6a, 09:30

Kiroldegiko langile batek ANBOTOri esan dionez, Emtesport enpresa kudeatzaileak kale gorrian utzi ditu bertako hainbat profesional, eta beste hainbaten lanpostua kolokan ipini du. "Aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri digute lanpostu finkoa dugun 3 sorosleri eta garbitzaile bati. Baina obra amaierako kontratua duten langileetariko batzuk kale gorrian gelditu dira: hiru garbitzaile eta lau sorosle", esan du langileetariko batek. "Gure lanek ez dute berezko loturarik sabaiagaz, baina sorosle batzuk eta garbitzaileak gara horren ondorioak jaso ditugunak", dio.

Igerilekua hustuta dago. Ez dago igeriketa zerbitzurik, eta horrek automatikoki baldintzatu du kontratu finkoagaz egon diren sorosleen lana. "Irailera arte horrela egongo garen susmoa dugu. Ez dago zerbitzurik, baina, bitartean, ez digute ezer kontsultatzen utzi. Igerilekuko lanaren ordez, spinning klase gehiago eskaintzerik izango genuke? Mantentze gimnasiarako klase kopurua handitu ote dezakegu? Sarritan dioskue denera moldatu behar dugula, eta orain, hau", dio beharginak. Langabezian gelditu diren garbitzaileak ere gogora ekarri ditu. "Igerilekua zarratu dutenez, bertako aldagelak ere itxi dituzte. Hainbat garbitzaileren kaleratzea justifikatu dute horregaz", gaineratu du.

Beharginak gogora ekarri du Durangaldean egon izan direla inoiz kiroldegian ariketa fisikoa egin bitartean bihotzekoak jota hil direnak.  "Gimnasioan edo klaseren batean larrialdiren bat gertatuko balitz, nork artatuko luke erabiltzailea?", galdetu du. "Sorosleak gara lehenengo sorospenak egiten dakigunak", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!