"Gure kexak kontuan hartu izan balira, Astolako instalazioak ez ziren, beharbada, hain txarto egotera ailegatuko"

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 6a, 09:30

"Igeriketa gustatzen zait, poolbike ere egiten dut eta ez dut neure burua beste kirolen batean ikusten", dio Edurne Gandiagak. "Beharbada beste zerbait egiten hasi beharko dut", dio. Virginia Gonzalezek ere antzeko egoera bizi du, baina igeriketa ezinbestekoa da haren kasuan. "Ia egunero etorri izan naiz igeri egitera, baina beste kirolen bat egiten hasteko aukera hori ez da bateragarria nigaz. Ezin dut inpaktuzko kirolik egin. Ezin dut gimnasioa erabili, ezta pisurik altxatu ere", adierazi du.

Abadiñoko igerilekuko erabiltzaileek kezka, haserrea eta kirola egiteko ezintasunak agertu dizkiote ANBOTOri. Joan den otsailaren 16ko haizeteen ondorioz, Astolako igerilekuko sabaiaren zati bat jausi zen. Ordutik, igerilekua zarratuta dago eta halaxe jarraituko du aurrerantzean ere, udalak arazoari konponbidea eman arte. Izan ere, haizeteek agerian utzi dute estalkia txarto dagoela. Korrosioak janda dagoela adierazi dute udaletik. Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak prentsaurrekoan azaldu dutenez, sabaiaren gaineko ikerketa bat egitea agindu diote enpresa bati. Eta ikerketa hori egin eta gero jakingo du udalak ea kalteak konpontzea ala sabai osoa berritzea komeni den. Edozelan ere, ikerketa horrek "hile eta erdi edo hile bi" inguru iraungo zuela azaldu zuen Garaizabalek.

Hortik aurrera, baina, ikusteke dago zer gertatuko den. Posible da igerilekua zarratuta egoteko epea are eta gehiago luzatzea. Estalkia egokitzeko zein berritzeko proiekturen bat egin beharko balitz, administrazio prozesu bat, lanen lizitazio fase bat eta obrak eurak hasieratik amaierara egitea eskatuko luke. Azken hauek argitu bako puntuak dira, oraingoz.

"Mantenu falta"
"Hainbat bider kexatu naiz instalazioen mantenua dela-eta. Ez bakarrik sabaiari buruz. Instalazioen euren mantenu orokorrari buruz nabil. Eta esango nuke hau ez dela nire ustea bakarrik, erabiltzaile askoren iritzia dela. Badira urte batzuk kexak ipinitzen hasi ginela, eta, iruditzen zait, gure kexak kontuan hartu izan balira, instalazioak ez zirela, beharbada, hain txarto egotera ailegatuko". Virginia Gonzalez izan da azalpen hori eman duena, baina erabiltzaile guztiek bat egiten dute adierazpen horregaz. Loli Totorikaguenak hainbat bider itoginak ere egon izan direla azaldu du. "Gertatu izan zaigu poolbike egiten aritu eta sabaitik tantak jaustea gure gainera", dio. "Igeri egiterakoan ere bai. Gora begira igeri egiterakoan ere gertatu izan zaizkigu horrelakoak. Gutxienez urte bian gertatu dira halakoak", gaineratu du.

Aitzol Oregi igeri egitera joaten da Astolara. Bai bere kabuz eta baita ikastaroetan parte hartuta ere. Gertatutakoa urteetako utzikeriaren ondorio dela uste du. "Haserre nago. Utzikeriagatik ailegatu gara egoera honetara. Instalazioak ez dira egun batetik bestera hain kaltetuta agertzen. Urteetako utzikeria edo mantenu falta dago hemen", azaldu du. Gonzalezek, berriz, hala dio: "ez dut esaten mantenua ona ala txarra den. Diodana da egiten diren mantentze lanak ez direla igerileku mota honetara egokitutakoak. Pena da inauguratu zeneko baldintzetan ezin mantentzea".

Irtenbideak aztertzen
Egoera honen aurrean neurriak hartuko dituztela aurreratu dute Garaizabal eta Crespo alkate-alkateordeek. Barikuan egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, erabiltzaileei zelan konpentsatu aztertzen dabiltza. Eta igerilekua itxita egon bitartean, "beste leku batzuetara" joateko diru-laguntza partida aztertzen dabiltza.

Erabiltzaileei euren bonutik dagokien diru kopurua itzultzea eskatu du EH Bilduk. Era berean, ardurei dagokienez, Abadiñoko Udalak auditoria bat egin dezala eskatuko du, "orain arte igerilekua kudeatzen aritu den enpresak kontratuan adierazitako betebeharren betetze maila aztertu eta alde bakoitzaren erantzukizunak zehazteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!