Zelan erabaki zenuten proiektuagaz bat egitea?
Monica Iglesias: Bikarte elkartearen informazio bat irakurri genuen prentsan. Oker ez banago, ANBOTOn irakurri genuen. Posta elektroniko bat bidali genuen hara, eta elkarteagaz hartu-emanetan ipini ginen. Umeak etxean hartzeko programa hark zelan funtzionatzen zuen galdetu genien, izan ere, ez genuen halako zerbait egiten zuen beste inoren erreferentziarik. Bikarteko jendeak nondik norako guztiak azaldu zizkigun. Txernobilgo istripuaren ondorioz, erradiazioak kaltetutako umeei laguntzen diete. Errusian eta Bielorrusian aritzen dira batez ere.
Erraza izan al zen ume bat zuenean aterpetzeko erabakia hartzea?
M.I.: Denboratxoa eman genuen pentsatzen, buelta asko eman genizkion kontuari. Ez genekien ondo erradiazioaren kontua zertan zetzan. Umeak erradiazioak kaltetuta daude. Erradiazio maila bat dute gorputzean, baina ez genekien hori ingurukoei transmititzea posible zen ala ez. Eneko gure semea etxean izanda, pentsatu genuen bera ere kaltetu zezakeela erradiazioak. Bagenuen kezka hori. Beraz, Gallartara joan ginen, Bikarte elkarteren egoitzara, eta han dena azaldu ziguten, zalantzak argitu zizkiguten eta aurrera egitea erabaki genuen.
Zelakoa izan zen lehenengo kontaktua Maryna Harbachenka umeagaz?
D.V.: Lehenengo aldian, normala den moduan, ikaratuta etorri zen. Zazpi urtegaz jaso genuen lehenengo aldi horretan, eta pentsa! Adin horregaz bidaltzen bazaituzte ezagutzen ez duzun etxe batera... Auskalo zer pentsatuko zuen! Hasieran oso isila zen; inguru aldaketak eragin egin zion, normala den moduan.
M.I.: Ezagutu genuen lehenengo egunean, ni bakarrik egon nintzen. Normalean, berandu heltzen dira Loiuko aireportura. Orduan, hurrengo goizera arte itxaron behar izan zuen gure familia osorik ezagutzeko. Gainera, kontuan hartu behar da hizkuntza jakin barik beti dela zaila hartu-eman bat hastea.
Hasierako zailtasunak atzean utzi zenituzten. Izan ere, Maryna hainbat bider bueltatu da zuenera.
M.I.: Bost egonaldi egin ditu gugaz. 2017ko gabonetan izan zen lehenengoa. Gero, 2018ko udan eta gabonetan, eta baita 2019ko udan eta gabonetan ere. Aurtengo udan ere etortzekoa da. Gogo handia dugu Maryna berriro ikusteko.
Zenbat denbora egoten da zuekin egonaldi bakoitzean?
M.I.: Udan ia hiru hilabete igarotzen ditu, hile bi eta erdi inguru. Gabonetan, hilabete.
Eta denbora honetan guztian, zelan joan da etxekoen hartu-emana?
D.V.: Orokorrean, oso ondo. Hasierako zailtasunak gainditu egiten dira, han familia eta bizimodu ezegonkor batean bizitzetik datorrelako.
M.I.: Hango hamar urteko umeek ez dute hemengo hamar urteko umeen egunerokotasun berdina: etxean ardura gehiago dute, euren neba-arrebak zaintzen dituzte... Beraz, hona etortzen denean ume bihurtzen da berriro. Etxean lehenengoz gosaldu zuenean, gogoratzen dut garbiketarako tresnak hartu zituela eta etxea txukuntzeari ekin ziola. Nik esan nion ez zuela halakorik egin behar, hona oporrak pasatzera etorri zela. Hori atoan ikasi zuen! (barrez).
Zelako hartu-emana dute Enekok eta Marynak?
M.I.: Ederto batean konpontzen dira. Lagun handiak egin dira biak. Pentsa, Maryna joaten den une hori gogor-gogorra egiten da. Eneko, gainera, etxean betiko geratuko den arreba eskatzen hasi zaigu!
Zer gustatzen zaio Marynari Euskal Herritik?
M.I.: Gauza asko egin ditugu beragaz. Gallartan egon ginen, Pasaian (Gipuzkoa) ere bai, eta beste hainbat leku turistiko eta interesgarri bisitatzen. Maryna txundituta gelditzen da Marijaiagaz eta Olentzerogaz. Bestalde, Bielorrusian ez dago itsasorik, eta ez da Euskal Herria bezain menditsua ere. Gustuko ditu itsasoa eta mendia.
Izan duzue hartu-emanik edo bitartekaritzarik Marynaren jatorrizko familiagaz?
M.I.: Ez. Lan hori Bikartek egiten du. Bielorrusiako eta Errusiako erradiazio guneetara doaz, herrietara, eta beharrizana duten haurrak ezagutzen dituzte. Zerrenda bat egiten dute, erradiazioa neurtuz, familien egoera aztertuz eta abar. Horrela, beharrizanik handiena duen umetik hasi, eta sailkapen zerrenda bat egiten dute.
Zer eman dizue esperientzia honek?
M.I.: Gauza txikiak baloratzen erakutsi digu, eta Euskal Herrian zelako zortea dugun ikusten, gure gatazkak ditugun arren. Gauza batzuk automatikoki sartuta ditugu, horrela izan beharko balira lez, eta ez da beti horrela. Animatuko zenukete jendea dinamika honetan batzera?
D.V.: Bai, jakina. Gauza gutxi eginda, asko da umeentzat, eta zalantzaren bat duenak gugaz berba egin dezake, zalantza horiek argitzeko