San Blas

Abadiñoko txosnagunean Alerta, Rukula eta El_Txef_A artistak arituko dira

Aritz Maldonado 2020ko urt. 29a, 09:06

Abadiñoko San Blas jaiek deneriko doinuak edukiko dituzte. Otsailaren 1ean, musika kontzertuak izango dira gaueko protagonistak. Eskualdeko talde batek zabalduko du gaua; Alertak, hain zuzen ere. Durangarrak Tú decides el final lan berria aurkezteko biran murgilduta daude, iaztik. Hogeita bi urteko ibilbidean, Blood Fire Death zigiluagaz kaleratu dute lan berri hau. Zuzeneko batzuk eskaini eta gero, disko berriaren aurkezpen birak 2020 osoa hartuko diela iragarri zuten iaz. Tartean, estatuan ere egitekoak dira biraren zati bat. Talde durangarrak doinu desberdinak jorratu ditu hamarkada bi hauetan zehar, beti ere, metala eta hardcorea oinarri hartuta.

Rukula talde gipuzkoarra izango da hurrengoa. Usurbilen jaio zen, 2015ean, eta erritmo aldaketez jositako doinu dantzagarriak dakartza. Funk, rock, stoner eta metal doinuak nahasten dituzte, batere konplexurik barik, eta energia handiko zuzeneko kontzertuetan indarra eta dantza egiteko gogoa transmititzen dituzte. Lan bi kaleratu dituzte azken urteotan: Rukula eta Hazi Beltzak. Oihan Agirretxek, Martxel Arkarazok, Beñat Irazustak eta Aitor Pagolak osatzen dute Rukula tadlea. El_Txef_A izango da txosnaguneko egitarauko azkena. Aitor Etxebarriaren ezizen artistikoa da El_Txef_A; gaitzizen horregaz, musikari gernikarrak hamarkada bat baino gehiago darama musika elektronikoaren eszenan. 2011. urtean lehenengo EPa kaleratu zuen, eta ordutik hona mundu osotik zehar ibili da musika zuzenean nahasten. Harrezkero, hainbat proiektutan murgilduta ibili da gernikarra; besteak beste, Markak pelikularen soinu banda egin du, eta iaz Nihilism Part 1 diskoa kaleratu zuen. El_Txef_Aren saioetan egin ohi duen moduan, musika elektronikoa izango da protagonista. Kontzertuen ondoren, elkartasun lokalean jarraituko du festak, eta han ere arituko da musika ipintzen, DJ Alus abadiñarra.

Musika jartzaileak lokalean
Alus ez da izango San Blasetan elkartasun lokalean arituko den musika jartzaile bakarra. Azkenengo urteetan DJ Bull ezaguna ohiko bilakatu da, eta aurten ere egongo da aukera bere doinuekin dantza egiteko. Kalean egingo duen hotzetik babesteko, aukera ederra izango da gorputza berotzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!