Ibon, zein abelburu ekarriko dituzu San Blas azokara?
Ibon Lasuen: Pirenaika behiak ekarriko ditut. Bederatzi behi, zekorra eta hiru edo lau txahal ere bai.
Zelan atontzen dituzue abelburuak?
Esther Ugaldea: Aurreko asteburuan kortan abelburuak garbitzen lagunduko diot Iboni. Xaboiagaz garbitzen ditugu.
Erakusleihoa ala saltzeko lekua izaten da azoka?
I.L.: Erakusleihoa dela esango nuke. Herriko azokara etortzeak egiten dit ilusiorik gehien, eta horregatik ekartzen dut ganadua.
Izaten duzue parrandarako astirik?
I.L.: Eguerdian eramaten ditut behiak etxera. Idi probak ikusi eta Estherregaz eta lagunekin batzen naiz arratsaldean.
E.U.: San Blas eguna urteko egunik politena izaten da. Ni elorriarra izan arren, txikitan jai hartzen genuen eskolan, eta orain lanean ere bai.
Zelan hasi zineten okela salmenta zuzenaren bidez banatzen?
E.U. : Ordu asko ematen genituen kortan lanean. Oporrak eta aisialdia sakrifikatzen duzu eta horri errentagarritasuna atera gura genion. Iban Urienek eta Gazteluko auzokideek laguntzen diguten arren, oso lotua da. Iazko urtarrilean ideiari forma ematen hasi ginen. Hiltegira joan ginen, prezioak ikustera eta ea bideragarria zen aztertzera. Lehenengo txahala 2019ko apirilean banatu genuen. Hilean behin okela paketeak saltzen hasi ginen eta orain asteroko banaketa egiten dugu. Oso harrera ona izan dugu.
Bezeroen sarea hazten doa?
E.U.: Instagramen eta facebooken profilak zabalduz [Latxaberri Txahal Okela ] eta whatsApp bidez zabalkundea eginda bezeroak lortu ditugu. Batzuk Durangaldekoak dira. Abadiñoren kasuan, harategietara saltzen dugunez, publizitate askorik ez egiten ahalegintzen gara.
E.U.: Kanpoko bezeroak ere baditugu: Berangokoak, Muskizekoak, Bilbobokoak, Santurtzikoak...