Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan abiatu zenuten proiektua Abadiñora ekarriko duzue.
Saray Perez: Paisaia ikusezinak izeneko proiektutik sortu da dena. Gizarteko ikusezintasunak edo biolentziak azaleratzeko sortu zen. Bidearen hasieran, Mendebaldeko sahararren errealitatea islatzea zen helburua. Horretarako, errefuxiatuen kanpalekuetara joan nintzen. Artea errealitate anitzentzako laguntza izan daitekeela uste dut. Oso erreminta beharrezkoa da. Beraz, entzunaldiak egiteari ekin genion. Metodologia artistikoa da, baina Mendebaldeko Saharan gertatu zena ikertzeko, soziologo batek egingo lukeen lanaren antzekoa. Gizon zein emakumeak grabatu genituen, beti ere Mendebaldeko Sahara ezagutu zutenak.
Ahalduntzeko teknika dela esaten duzue.
S.P.: Ez da lekukotzak grabatzea bakarrik. Batzuetan gure berbak barruan dauden arren, ez dira esaten, eta, beraz, errealitate hori ez da existitzen. Ikusezinak dira. Berbak ipintzerakoan liberazio pertsonal bat sortzen da, eta horrek ahalduntzen laguntzen du.
Miriam Rodriguez: Lekukotzei balioa emanez, errelato kolektibo bat sortu gura dugu. Sarritan, adituek gai askoren inguruan berba egiten dute. Kasu honetan, emakumeek berba egin dezatela gura dugu.
Zer dira denboraren kapsulak?
S.P.: Zeramikazkoak dira eta mimo handiz eginda daude, grabazioak barruan sartzeko. Kolektibitatearen eta berridazketaren beharrizana dago. Horregatik, aurretik erabilita egon dira, kassetetan grabatuko dira testigantzak eta lurperatu egingo dira. Ekitaldi sinboliko lez planteatzen dugu, hazia ereiten den lez. Imajinatzen dut etorkizunean lurpetik atera eta hau aurkitzen dutenean, entzun egingo dituztela.
Ekuadorren ere antzeko ekimen bat egin duzue.
M.R.: Arteagaz lotuta zegoen proiektua izan zen. Artisten lekukotzak batu genituen.
Zein egitarau prestatu duzue?
M.R.: Azaroaren 19an, 19:00etan, proiektua azalduko dugu, Errota kultur etxean. Emakume guztiak parte-hartzera deitzen ditugu. Biolentziari edo minari buruz berba egiteaz gainera, eurek gura duten guztia kontatu diezagukete. Lekukotza positiboak ere izan daitezke. Datozela lasai. Entzutera bakarrik etorri daitezke.
S.P.: Entzutearen garrantzia azpimarratu gura dugu.
Noiz egingo dituzue grabazioak?
M.R.: Azaroaren 20an Errotan egongo gara, eta azaroaren 21ean Txanportan. Goizean eta arratsaldean egongo gara.
Azaroaren 22an amaituko da.
M.R.: Ibilbide bat egingo dugu kapsula horiek landatuko diren lekuetatik.
S.P.:Hau guztia memoriaren zeremonia bat da, eta parte-hartzaile guztiekin ospatu gura dugu. Batu eta denon artean zerbait eraikitzen dugunean, zeremonia handi bategaz itxi behar da hori.
Noiz entzungo dira entzunaldi horiek?
M.R.: Martxoan jasotako audioekin memoriaren erakusketa bat egingo dugu.
Artelan bat sortuko duzue.
M.R.: Parte-hartzaileek euren ekarpena egingo dute artelan baten sorreran. paisajesinvisibles.org webgunean.