Matienako pediatrian kontzentrazioa egin dute murrizketak salatzeko

Aritz Maldonado 2019ko aza. 11a, 12:32

Dozenaka herritarrek parte hartu dute sare sozialen bidez egindako deialdian. 

Matienako anbulatorioan pediatria zerbitzuak "gainezka" egin duela salatzeko, kontzentrazioa egin dute dozenaka bizilagunek anbulatorio parean. "Astelehen, eguazten eta bariku baino ez dago pediatria zerbitzua, eta kolapsaturik dagoenez, Zelaietara, Berrizera, Zaldibarrera edo Gurutzetara bidaltzen gaituzte" azaldu du Ines Blazquez abadiñarrak. Bere kasuan, bi kexa jarri ditu anbulategian, azkena "duela gutxi". Pediatra eta erizain bana jardunaldi osoan egotea "beharrezkoa" dela uste du, eta hain zuzen ere, hori eskatzen dute bertan bildu direnek.

Eguaztenean eta barikuan ostera mobilizazioak egitea aurreikusten dute deitzaileek. 11:30etan izango dira. 

Babesa

Herritarrek ez ezik, udaletxeko ordezkariek ere agertu diote babesa deitzaileei. Besteak beste, elkarretaratzean Abadiñoko Independenteetako zinegotzia den Francisco Antonio Campo 'Pacho'-k parte hartu du. "Zerbitzua berrezartzea gura dugu. Udaletik hitz egin dugu Osakidetzako arduradunekin, eta konponbide bat ematea eskatzen diegu". EH Bilduko zinegotzia den Mikel Urrutia ere egon da bertan. "Osakidetzak oinarrizko zerbitzuak bermatu ditzan gura dugu. Pribatizaziorako joera bat delakoan gaude, izan ere, Durangon edota Ermuan ere antzerako kasuak ematen ari dira". Horrez gainera, Abadiñoko Udalak prentsa oharra kaleratu zuen joan den barikuan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!