Matienako osasun zentroan dagoen arazoari konponbidea emateko "eginahalak egiten" dabil Abadiñoko Udala

Anboto 2019ko aza. 8a, 14:40

Abadiñoko udal gobernu taldeak prentsa oharra kaleratu du Matienako Osasun Zentroan dagoen egoeraren harira. 

"Matienako Osasun Zentroko pediatra titularraren bajak zailtasun batzuk sortu ditu zerbitzu horretan, eta azken egunotan zerbitzu hori ezin izan da normaltasunez eskaini. Garrantzitsua iruditzen zaigu konponbide bat ematea Euskadin dagoen pediatria eskasiagatik Abadiñoko Osasun Zentroan sortzen ari den arazoari" adierazi dute. 

Udal ordezkariek zerbitzua "funtsezkoa" dela gogoratzen dute, eta egoerari konponbidea emateko Osakidetzako arduradunekin hartu emanetan ari dira. "Era berean, egoera honek familien ezinegona ulertzen dugu".

Bide batez, ohar berean "pediatraren bajaren ostean zabaldu diren zurrumurru faltsuak" gezurtatu gura izan dituzte udal ordezkariek. "Lanera itzuli ondoren, Matienan jarraituko du zenbait urtez oraindik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!