Abadiñoko hilerrian aurkitutako ikur frankista kendu egingo dutela jakitera eman du udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 30a, 14:33

Memoria historikoaren auzia Abadiñoko Udalera heldu da. Asteon ANBOTOk aurreratu legez, ikur frankista duen harlauza bat dago Abadiñoko hilerrian. Gerraostetik dago bertan, eta panteoi bateko oinarrian ipinita egon da urte luzez, ahuspez, eta ezkutatuta.

Atzo egindako osoko bilkuran, Unzalu Salterain EH Bilduko zinegotziak frankismo garaiko ikurren azterketa egiteko eta horrelakoren bat egonez gero kentzeko eskatu zion gobernu taldeari. Hain zuzen ere, ANBOTOk atzo jakinarazi zuenez, ikur frankista bat dago Abadiñoko hilerrian, bertako panteoi batean. Mikel Garaizabal alkateak horren berririk ez zuela adierazi zuen atzoko osoko bilkuran, eta, gaur, hedadibe honi jakinarazi dionez, legea bete eta ikurra kenduko dute.

Gerraostetik hor

Ikur frankista Gerra Zibilaren garaiko panteoi batean dago, bertako harlauza batean. Urte luzez egon da bertan, gerraostetik gaurdaino ailegatu da. Gertatzen dena da azken urteetan buelta emanda egon dela beti, ahuspez eta ezkutuan. Orain, domusantu bezperetako mantenu lanak direla eta, harlauzari buelta eman eta argitara irten du garai bateko sinbologia frankistak. Hilerriko mantentze-lanak egiten dituen arduradunak ANBOTOri jakinarazi dionez, tankera honetako ikur bakarra da hilerri osoan. Gainera, gerra zibileko panteoian honako testu hau ere irakurgai dago: Anaiarteko gerrate negargarri baten hildako abadiñarren hilarria.

Gogora erakundearen txostenean jaso barik

Urrian, Gogora memoria institutuak ikur frankistak kentzeko ekimenen inguruko txostena kaleratu zuen. Txostenean, oraindino ere ikur frankistaren bat duten udalak zerrendatzen dituzte. Bertan, ez dago Abadiñon aurkitutako harlauzaren aztarnarik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!