[BIDEOA] Silvia Triguerosen azken metroak Tor des Geants proba prestigiotsuan

Joseba Derteano 2019ko ira. 12a, 13:50

85 orduko esfortzuaren ostean, nekatuta baina pozik helmugaratu da korrikalari abadiñarra. Bere senarrak bideoan jaso du Trigueros helmugara heldu den unea.

Silvia Triguerosek bigarren urtez jarraian irabazi du Tor des Geants proba prestigiotsua. Bere iazko marka ordu bi eta erdian hobetu du eta, hori gutxi balitz, 2012tik Francesca Canepa-ren eskuetan zegoen probako errekorra apurtu du. Benetako balentria. "Iaz ordubete inguru bidean galduta eman nuen. Hori eta beste gauza batzuk kontuan hartuta, iazko denbora ordu bian hobetu nezakeela uste nuen, beti ere, dena ondo bazihoan. Bi ordu horiek hobetuta, banekien errekorra gertu zegoela. Geure artean hori komentatuta geneukan, baina sekula ez da jakiten. Zorionez dena ondo irten da eta oso pozik nago", adierazi du.

Aurten "oso maila handiko" korrikalariak zeuden irteera puntuan. Denek "bizi-bizi" ekin zioten probari eta erritmo horretan "eroso" sentitu zen Trigueros. Probako zatirik handiena bakarrik egin zuen. 85 ordutan zehar sufritzea ere egokitu zitzaion, behin baino gehiagotan erori egin zelako. "Helmugara heltzeko 500 metroren faltan erori nintzen azkenekoz". Horrez gainera, kilometroak pilatu ahala hankak handitu egin zitzaizkion. "Min handia ematen zidaten, batez ere, beherantza nindoanean. Egia esanda, errekorra galdutzat emana nuen", onartu du.

Triguerosek lau bider parte hartu du Tor des Geants proban. 2016an bosgarren geratu zen eta 2017an bigarren. Azkeneko bi aldietan irabazi egin du.

Igandean egingo dute probako sari banaketa eta ordura arte han geratuko da. Ondorengo egunak errekuperatzeko erabiliko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!