“Oraindino ez dugu eraso bat onartzen galdetu barik emakumeak zer egingo ote zuen gizonak horrela jokatzeko”

Anboto 2019ko uzt. 12a, 10:30

Herrian hiru emakumek jasan dituzten erasoen inguruan kaleratutako adierazpen instituzionalean berbiktimizazioaz berba egin du udalak. Gai horren inguruan Norma Vazquez psikologoari galdetu dio ANBOTOk. Sortzen aholkularitza taldeko kidea da Vazquez, eta urteak daramatza biolentzia jasan duten emakumeekin lanean.

Zure esperientziatik, emakumeei gehiago kostatzen zaie eraso bat salatzea erasotzailea ingurukoa denean?
Erasotzailea ezaguna, laguna, familiaren ingurukoa edo familia barrukoa denean, zailtasun handiagoak izaten dira salatzeko. Zergatik? Eremu pribatuan edo ezkutuan gertatzen diren delituetan, biktimak bere berba baino ez duelako. Normalean, berak ez diola inori erasorik egin esaten du erasotzaileak, eta egoera onartua izan dela. Biktimei, askotan, lotsa ematen die sufritu dutena adieraztea, eta euren burua erruduntzat jotzen dute. Emakumeek sentitzen duten lotsa hori bere alde erabiltzen du erasotzaileak. 

Zein izaten da emakume hauen kezka salaketa ipintzeko pausoa ematerako orduan? Zer aurkitzen dute bide horretan?
Gertatu denaren errudun direla sentitzea eta pentsatzea da euren kezka, eta euren jokabidea eta esaten dutena zalantzan ipiniko direla. Oso nabarmena izaten da minik ez egiteko duten gogoa. Kasu askotan, sufritu dutena minimizatu egiten dute, erasotzailearengan izango dituen ondorioetan pentsatuz. Gizonei kalte egin gura dieten emakume mendekariak barik, salaketa batek izan ditzakeen ondorioengatik arduratuta dauden emakume asko ezagutu ditut.

Arabako Foru Aldundirako ikerketa bat egin zenuen biolentzia matxistak landa eremuan duen eraginaz. Zein ondorio atera zenuen?
Besteak beste, kontrol soziala herri txikietan gertatzen den arazo bat dela ondorioztatu nuen. Denek elkar ezaguten dute. Adostutako arauetatik irteten den edozein jokabide aldaketaren berri izaten da. Aldaketa batzuek aurkakotasuna eragiten dute. Eta badakigu batzuetan aurkakotasun hori zer izan daitekeen eremu txiki batean: ez agurtzea, baztertzea...

Inguru horren ikuspuntutik, errazagoa da erasotzailearen aurkako jarrera hartzea pertsona hori ezagutzen ez denean?
Erasotzailea "gutarra" denean, pertsona hori babesteko joera egoten da. Pertsona horrek aurrekariak baditu, errazagoa da besteengandik ezberdina dela onartzea, ez dela "normala". Baina zer gertatzen da erasotzailea lankide bat, lagun bat edo senitarteko bat denean? Hasiera batean, errugabetu egiten da eta "erasoaren arrazoiak" biktimen jokabidean bilatzeko joera egoten da. Arrazoiena marratxo artean esaten dut, arrazoiak bilatzen ahalegintzen garelako, arrazoirik egon ez arren. Erasotzaileak, gura duelako eta ahal duelako egiten du eraso. 

Elkarrizketaren batean, emakumeen kontrako biolentziaren inguruan pausoak eman direla irakurri dizut, biolentzia deslegitimatu dela, baina biolentzia gauzatzen dutenak, ez. 
Politika publikoetan eta diskurtsoetan ideia hau babesten da, ez delako argi gelditzen ez dela gertaera puntual bat. Arazoa kopuruan eta ondorioetan giza jokaera partikular bat baino gehiago denean, desmuntatu egin behar ditugu biktimaren jokaera zalantzan jartzera garamatzaten ideiak, ardura bakarra erasotzailearena izanik. Oraindino ez dugu eraso bat onartzen galdetu barik emakumeak zer egingo ote zuen gizonak horrela jokatzeko. Ideia hori imajinario kolektibotik desagertu arte, ez dugu emakumeen kontrako biolentzia matxista deslegitimatuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!