Italiako lasterketa laugarren amaitu eta Munduko Kopako sailkapenean gora egin du Azkorbebeitiak

Anboto 2019ko eka. 16a, 12:15
Oihana Azkorbebeitia Italiako proban (Argazkia: Migurun Skyrunner)

Livigno Skymarathon puntu kopuru bikoitza ematen duen probetako bat denez, abadiñarra bosgarren postura arte igo da Munduko Kopako sailkapenean.

Atzo mendi lasterketen Munduko Kopako seigarren proba jokatu zen, Italian, Livigno herrian, eta Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra laugarren postuan sailkatu zen. 34 kilometroko lasterketa izan zen, 2.700 metroko desnibel positibokoa, eta 3.000 metro inguruko hiru mendi igo zituzten. Azkorbebeitia postuak aurreratzen joan zen kilometroek aurrera egin ahala, eta, azkenean, laugarren egin zuen Sheila Aviles katalanaren, Elisa Desco italiarraren eta Gisela Carrion katalanaren atzetik. Euskal selekziokidea den Mayi Mujika urretxuarra hamargarren sailkatu zen, eta Ander Iñarra lezoarra zazpigarren, mutiletan.

Livignoko lasterketa Munduko Kopan puntu kopuru bikoitza ematen duen lau lasterketetako bat da, eta atzoko laugarren postuari esker zakuratu dituen puntuekin, Azkorbebeitiak dezente egin du aurrera sailkapen nagusian. Seitik hiru lasterketatan parte hartuta, bosgarren jarri da orain sailkapen nagusian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!