Udalekuetako plaza kopurua handitu behar izan dutenez, zerbitzuaren kontratazioaren ezaugarriak aldatu dituztela jakitera eman du udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko eka. 8a, 09:27

Aste honetan  Katalamixon Aisialdi Elkarteak Abadiñoko Udalak  udalekuetako pleguak "oso berandu" kaleratu dituela eta gainera, udalak lehiaketara "herriko taldea aurkeztea erraztu beharrean zaildu" egin duela salatu dute.

Gobernu taldeko kideek, berriz, ohar bidez adierazi dute udalekuetako plaza kopurua handitu behar izan dutela, eta horren ondorioz, zerbitzuaren kontratazioaren ezaugarriak ere aldatu behar izan dituztela. "Udalekuetako izen-ematea amaitu zenean ikusi zen plazak baino askoz eskari handiagoa zegoela, beraz plaza kopurua handitzea erabaki genuen. Horrek udalekuaren ezaugarriak aldatzea ekarri digu", azaldu dute oharrean. 

Bestalde, kontratu legearen arabera,  kontratu batean eskatzen den kaudimen ekonomikoa eta tekniko-profesionala "derrigorrezkoak" direla, eta lizitatzaile guztiek kaudimen hori "egiaztatu" behar dutela jakitera eman dute. "Lizitatzaile batek ez badu pleguan eskatzen den kaudimena, aukera dauka Kontratu Legean aurreikusten diren beste bide batzuetara jotzeko. Horrez gain, lizitatzaile jakin baten mesedetan aritzea, edo lizitatzaile bati herrikoa delako lehentasuna ematea eta kontratua loteetan zatitzea kaudimenik egiaztatu ez dezaten, legea haustea da ", jarraitu dute. Beraz, Katalamixonekoek egindako erreklamazioa administrazio publikoarentzan "ez" dela "onargarria" esan dute Abadiñoko Udaleko kideek. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!