Abadiñoko Udalak lehiaketara atera duen udalekuaren inguruko adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Katalamixon 2019ko eka. 4a, 15:06

Katalamixon aisialdi taldeko artxiboko irudia

Udaletxeak lehiaketara atera duen Gaztetxoak Udalekuaren inguruan Katalamixonen adierazpena

Katalamixon Aisialdi Elkartea duela hiru urte sortu zen herrian zegoen aisialdi hezitzailearen beharrari erantzuteko asmoz. Hasiera batean, Abadiñoko Udalak lehiaketara ateratako “Abañoko Gaztiek” (10-14 urte bitarteko gazteak) programa kudeatzeko aurkeztu ginen. Egindako esfortzuak fruituak eman zituen eta jada 3 urte daramatzagu programa kudeatzen. Bestalde, urte hauetan zehar txikiagoei begira ere tailerrak egiten hasi gara, baina beharra handiagoa zela ikusita aurten proba moduan 'Olgau Daigun' proiektua aurkeztu genuen; udalak diruz lagunduz gero luzapena emateko asmoarekin. Horrez gain, herrira begira ere euskararen asteburua, korrikako jaia edota urte amaierako txokolatadak antolatu ditugu, besteak beste.

Aurten beste pauso bat ematea pentsatu dugu, eta udalak lehiaketara ateratzen dituen udaleku itxietara “Gaztetxoak” aurkeztu gara. Berbaro tokian tokiko aisialdiaren bultzatzaile izanik, gurekin kontaktuan jarri zen ea aurkeztuko ginen jakiteko eta herrikoa, Abadiñokoa den Katalamixoni aurrera pausua emateko aukera errazteko. Eskerrik asko Berbaro!

Beraz, behin aurrera egitea erabakita, udaleko langileekin kontaktuan jarri ginen lehiaketara aurkezteko eginbeharrekoak eta udalekua kudeatzeko zegoen diruaren zenbatekoa jakiteko. Izan ere, gure ustez aisialdi hezitzaile eta duina eskaintzeko denboraz eta ganoraz antolatu behar da, eta lana egin behar da. Esaterako, gure udalekuak antolatzen hileak daramatzagu.

Horrez gain, azpimarratu nahiko genuke Abadiñoko Udalak ume guztiak onartzeko erabakia oso aproposa iruditzen zaigula (eskaintzen ziren plazak baino ume gehiagok izena eman zuten). Hala ere, hileak eman ditugu udaletxeko udalekuetako pleguen zain, maiatzaren 14an argitaratu ziren arte, udalekuetarako hilabete eta erdi falta zenean (gure ustez oso berandu). Pleguak irakurtzen hastean, ordea, 35000 euroko kaudimen ekonomikoarekin topo egin genuen, hau da, kudeatzaileak urtean 35000 euro fakturatu beharko zituela. Katalamixon ez da enpresa bat, aisialdi talde boluntario bat baizik eta jakina da zifra horretara ez garela heltzen. Alabaina, gure proiektua ondo landu eta aurkeztu dugu (aurkeztu garen bakarrak izan gara), atzera bota diguten arren.

Herriko taldea aurkeztea erraztu beharrean zaildu egin dute. Bi udaleku ezberdin izanda, ume desberdinekin, bi plegu atera zitezkeen eta horrela, ez zen beharrezkoa izango kaudimen ekonomikoa eskatzea. Baina ez, Udalak bigarrenez pleguak atera zituen ekainaren 3an eta gainera, 15000 euro gehitu ditu kontratazioan (enpresa kudeatzaileari izugarrizko irabazia ziurtatuz), horrekin batera, kaudimena ere igoz. 

Herriko aisialdia hobetzeko erabili zitezkeen 15000 euro.

Hala ere, ez gara jarrita geratuko, gure proiektua, berriz ere, aurkeztuko dugu. Badaukagulako esperientzia, baloreak, gogoak eta denboraz landutako programazioa.

 
 
 
Ziur gaude zuetako askok ez duzuela honen inguruan ezertxo ere jakin, horregatik idatzi honen bidez, gure helburua herritarrak informatzea da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!