“Euskal ezkontzara baserritar jantzita etortzera animatu gura dugu jendea”

Jone Guenetxea 2019ko mai. 17a, 17:30

Ospakizun handia izango dute Abadiñoko San Trokaz jaietan, bihar, 12:30ean. Euskal ezkontza antzinako erara egingo dute eta ekitaldiko antolatzaile eta protagonistetako batzuk Eneko Iturriagaetxebarria, Jaione Urien eta Jose Antonio Salterain dira. 

Eguraldiari begira zaudete?
Eneko: Bai. Kalejira garrantzitsua da.
Josean: Ikusgarriena da, zalantzarik barik. Jendeak ikusmina izaten du ingurukoak jantziekin ikusteko.
Jaione: Zeremonia bera ere eliza aurrean egin edo frontoian, ez da berdina.

Euria egiten badu, zein da B plana?
Eneko: Euria egiten badu, frontoian edo elizpean egingo dugu, eta bazkaria, probalekuan. Ziurrenik elizpean izango da, arreoa doan idien gurdia ezin delako frontoira sartu.

Jaione, orain lau urte zeu izan zinen protagonista.
Jaione: Neu ezkondu nintzen, bai. Esperientzia oso polita izan zen. Ederto pasatu genuen. 

Zeintzuk dira zuen paperak ezkontzan?
Jaione: Ni gonbidatua izango naiz. 
Eneko: Ni, alkate. Orain arte notarioa izan naiz, baina aurten Ekaitz Herrera izango da kontratua irakurriko duena.

Abade paperean gustura ikusten zaitut, Josean.
Josean: Lehen ere eliza asko zapaldutakoa naiz. Monagillo legez makina bat mezatara joandakoa naiz San Pedro Txikin. 
Jaione: Iaz barregarria izan zen, ezkontza ostean abadea monagilloekin poteoan joan zelako.  

Jantziek kolorea ematen diote ekitaldiari.
Jaione: Euskal ezkontzara baserritar jantzita etortzera animatu gura dugu jendea
Eneko: Antza denez, beltzez jantzita joatea zen ohitura, eta iaz batzuk horrela etorri ziren. 
Jaione: Jendea ilusioagaz dabil jantziak prestatzen.

Zer prestatu duzue ezkontzarako?
Eneko: Ezkontzaren ostean bazkaria izango da. Lehenengo urtean, behinolako ezkontzetako menua prestatu genuen: garbantzuak eta oilaskoa. Aurten, ostera, paella izango dugu. Txartel guztiak salduta daude.
Josean: Nobedade lez, kalejiran dultzaineroak, erraldoiak eta trikitilariak joango dira. 
Eneko: Herriko dantzariek dantza egingo dute, Iluntzekoek eta Talde Batuak taldekoek.

Zelan prestatzen duzue arreorako gurdia?
Jaione: Jendeak etxean duena ekartzen du. Balio sentimental handia duten gauzak izaten dira: izarak, armairuak...

Nondik atera duzue ezkontzan irakurtzen den dokumentua?
Eneko: Benetako dokumentu bat da, Mila Salterainek aurkitutakoa. Abadiñoko bikote baten ezkontzako agiria da. Gure familiakoa da. 1881eko maiatzaren 23an ezkondu ziren Placido Iturriagaetxebarria eta Valentina Orobiourrutiaren dokumentuak dira. 

Noiz antolatu zenuten lehenengoz euskal ezkontza Abadiñon?
Eneko: Hau laugarren aldia izango da. 2007an ekin genion, eta lau urterik behin antolatzen dugu. 
Jaione: 2005ean ika-mika egon zen udalagaz, eta jai batzordetik bota gintuzten. Horren ostean, hainbat gauza antolatu genituen, besteak beste, euskal ezkontza. Gazte Asanbladaren eta herriko eragileen artean sortu zen. Ekimen herritarra izanda, jaietako erreferente bihurtzea pozgarria da guretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!