[BIDEOA] Oihana Azkorbebeitia: "Zortzi, bederatzi eta hamargarren eginda oso pozik gaude"

Anboto 2019ko api. 21a, 13:48

Oihana Azkorbebeitia Japonian da Euskal Selekzioko kideekin. Atzo hango kilometro bertikala irabazi zuen. Gaurko mendi lasterketan hamar onenen artean sailkatu da. Lasterketa bien balorazioa egin du Maria Zorroza eta Mayi Mujika selekziokideak ondoan dituela.

Mendi lasterketen munduko kopak Japonian ekin dio aurtengo denboraldiko ibilbideari eta hantxe izan da Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra. Atzoko kilometro bertikala poltsikoratu ostean, gaurkoan ere bikain aritu da eta zortzigarren sailkatzea lortu du, 2.40.19ko denbora eginda. Euskal Selekzioko kide diren Maria Zorroza gernikarra (2.40.54) eta Mayi Mujika urretxuarra (2.44.23) bederatzigarren eta hamargarren helmugaratu dira, hurrenez hurren. 

Elur-jausien arriskua egon da eta antolatzaileek laburtu egin behar izan dute proba. Azkenean, 23 kilometroko lasterketa izan da, 33koa barik. "Parterik politena kendu dutela suposatzen dut", adierazi du korrikalari abadiñarrak. Orokorrean oso pozik agertu da eta talde lana nabarmendu du.

Lasterketa Elisa Desco italiarrak irabazi du (2.27.46). Bigarren Megan Kimmel estatubatuarra sailkatu da (2.28.27), hirugarren Takako Takamura japoniarra (2.28.56), laugarren Sheila Avilés katalana (2.29.12) eta bosgarren Hillary Gerardi estatubatuarra (2.30.31). Mutiletan Ruy Ueda korrikalari japoniarra gailendu da (2.01.42). Euskal Selekzioko Ander Iñarra lezoarra hamabosgarrena izan da (2.14.58).

 Oihana Azkorbebeitia, Maria Zorroza eta Mayi Mujika podiumean:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!