Oihana Azkorbebeitia garaile Japoniako Mt. Awa kilometro bertikalean

Joseba Derteano 2019ko api. 20a, 14:11

Azkorbebeitia Japoniako proban. (Argazkia: VKWC/Vincent Gumy)

Munduko kopako lehen proba puntuagarria da eta korrikalari abadiñarra lider jarri da bertikalen sailkapen nagusian.

Aurten Japonian eman diote hasiera mendi lasterketen munduko kopari. Gaur Mt. Awa kilometro bertikala jokatu da Japoniako Alpeetan, eta bertan Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu da 53.34ko denbora eginda. Kopako lehenengo proba izan denez, lider jarri da sailkapen nagusian. 4,8 kilometrokoa izan da proba eta Awa mendia igo dute.

Podiuma osatu duten gainerako neskak japoniarrak dira: Yuri Yoshizumi (54.34), Yuko Tateishi (59.57), Moeko Yasugahira (1.01.32) eta Yurina Takahashi (1.02.28). Mutiletan Pascal Egli korrikalari suitzarra nagusitu da (42.52). Bihar munduko kopako lehenengo lasterketa (Skyrunner World Series) korrituko da, Mt. Awa Skyrace, eta proba horretan ere parte hartuko du Azkorbebeitiak, Euskal Selekzioko kideekin batera. Berez, 33 kilometroko proba da, baina antolatzaileek zertxobait laburtzea erabaki dute, elur-jausien arriskua dago eta.

Iaz Azkorbebeitia seigarren geratu zen munduko kopako sailkapen nagusian, eta 2017an bosgarren.

(Argazkia: VKWC/Albert Jorquera)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!