Abadiñoko Udalak ez du onartu herritarrek OHZren inguruan aurkezturiko mozioa

Aritz Maldonado 2018ko urr. 31a, 11:00

OHZ zergaren tipoa jaistea eskatzeko 1.400 sinadura aurkeztu zituen bizilagun talde batek udalean. AIren eta EAJren aurkako botoekin, mozioa ez zen onartu.

Espero zen bezala, EH Bildu izan zen herritarrek aurkezturiko mozioa babestu zuen alderdi bakarra. Abadiñoko bizilagunek udaletxeko aretoa bete zuten, eta hainbat bider galdetu zuten "OHZ zergaren tipoa hain altu" mantentzearen arrazoia. "Gainontzeko herrietan ere inbertsioak egiten dituzte, zergatik ordaindu behar dugu guk OHZ altuena?".

Jose Luis Navarro alkateak, ostera, zergaren tipoa bere horretan mantentzea erabaki onena zela arrazoitu zuen, "inbertsioak egiteko zergak beharrezkoak dira" argudiatuta. "Legegintzaldi amaierarako hainbat inbertsio ditugu, eta horiek ordaintzeko beharrezkoak dira zergak. Zelaietako peatonalizazioan 1.400.000 euro gastatuko ditugu, udaletxearen onbideratzean 400.000 euro, eta Mendiolako errepidean 300.000 euro". Horrez gainera, aurrerago batzar ireki bat egiteko asmoa aurreratu zuen, udal teknikariekin, zergei buruzko azalpenak emateko. "Durangaldeko OHZ altuena edukiko dugu, baina beste hainbat zerga beste herrietan baino merkeagoak ditugu".

"Datu historikoa"

EH Bilduren berbetan, 1.400 sinadura aurkeztea "datu historikoa" da, eta herritarrek gaiarekiko duten "haserrea eta kezka maila" adierazten du. "Herritarrak ez dabiltza eskatzen zergarik ez ordaintzea, baizik eta zentzuzko zergak kobratzea" adierazi zuen Mikel Urrutia zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!