Dena prest San Blas azokak milaka bisitari hartzeko

Jone Guenetxea 2018ko ots. 3a, 09:12

Abeltzainak izan dira azokara heltzen lehenak. 6:00etatik jardun dute abelburuak prestatzen eta erakustokiak atontzen. 

Dena prest dago Abadiñoko San Blas Azokak milaka bisitari hartzeko. Euriari eta hotzari aurre eginez Zelaieta auzoak milaka bisitari hartuko ditu gaur. 

 Abeltzainak izan dira azokara heltzen lehenak, eta dagoeneko dena prest dute. Horrez gain, nekazari eta artisauek 150 postu jarriko dituzte. Beraz, gaurkoan bisitariek ganadu, baserri-tresneria, burdinderia, ortuariak, landareak, fruta, gaztaia, txakolina, ogia eta eztia aurkituko dituzte, eta baita artisauek egindako lanak ere. 

San Blas egunari Txanbolin taldeko txistulariek emango diote hasiera. Hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da Abadiñon egun guztian zehar. Esaterako, goizean zehar, XXVI. abelburu erakusketa egingo dute. Bestalde, 11:00etan, meza nagusia egongo da San Trokaz elizan. Eta, urtero bezala, bertsolariek saioa eskainiko dute Ferialekuan, 12:00etan. Txaber Altubek, Aitor Bizkarrak eta Garikoitz Sarriugartek kantatuko dute. Herri kirol zaleek, berriz, probalekuan izango dute hitzordua, han urrezko aizkolari txapelketako saioak egongo dira eta.

Arratsaldean, 17:00etan hasita, idi probak eta Lotxo taldearen erromeria egongo dira. San Blas egunari DJ Miauk emango dio amaiera, txosnagunean 22:00etan eskainiko duen ekitaldiagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!