San Blas jaiak

“Garai batean oso ohikoa zen angulak, bildotsa eta txuletak jatea San Blas egunean”

Aitziber Basauri 2018ko ots. 2a, 14:45

Goizean goizetik hasiko dute eguna bihar Abarketeruenean Aitziber eta Ana Mari Urizarrek eta Ibai Arrizabalagak. Egun luzea dute San Blas eguna, amaiezina; hala ere, azken urteetan asko aldatu dela azaldu dute. Angulak, bildotsa eta txuleta, hori zen garai bateko San Blas eguneko menua.

Egun luzea izaten duzue San Blas eguna? Nola bizi duzue?
Aitziber Urizar: Oso luzea, amaitu ezinekoa! Oso goizetik hasten gara martxan. Salda, txorizo egosia... dena prest eukitzeko 07:00etarako etortzen gara.
Ibai Arrizabalaga: Lan handiko eguna izaten da, baina, ahal bada, buelta bat eman eta zerbait hartzeko aprobetxatzen dut goizean. Hala ere, gutxitan gertatzen da hori!

Astirik baduzue San Blas kordela edo erroskillak erosteko?
Ana Mari Urizar: Ez! Ekarri egiten dizkigute kordelak.

Beste era batean biziko zenituzten sanblasak umetan...
A.U: Lagun baten etxera eramaten ninduten, bizpahiru egun. Asteguna bazen, berriz eskolara Durangora. Pixka bat hazita, herrian gelditzen ginen. Egun polita izan da beti.
A.M.U: Batez ere, tabernaren bueltan gogoratzen ditut sanblasak. Umetan olgetan egiten genuen eguna, feria ikusi... Gero, gaztetatik gehiago tabernan lanean; 15-16 urtegaz hasiko nintzen laguntzen.

Asko aldatu dira sanblasak?
A.M.U: Bai, danean. Jai-giroa goizetik ordu txikiak arte egoten zen lehen. Azken urteetan asko jaisi da arratsaldean eta gauean. Asteburua zein asteguna izan, jai-giroa bestelakoa zen lehen. Erromeria eta  jarduera gehiago ere egoten ziren. Goizeko giroa oraindik ere berezia da, oso polita.
A.U.: Barrakak ere bazeuden. Txurro-saltzailea, tonbola... Desberdina da giroa, guztiz. Ez hobea ez txarragoa. Desberdina.

Nekazaritza eta abeltzaintza azoka da San Blas eguneko ardatza. Leku askotako bisitariak erakartzen ditu.
A.U.: Bai, eta sasoi batean are eta gehiago. Gogoan dut Santanderretik ere etortzen zirela zaldiak saltzera. Indar gehiago zuen lehen azokak, San Blas egunak berak ere bai. Orain, azoka amaituta, egin du egunak ia. Bizimodua aldatu egin da. Ohiturak bestelakoak dira. Zaharrak hiltzen doaz eta gazteak bestela bizi dira.
A.M.U.: Lehen, ganadua erosteko tratua egunean bertan  ixten zuten eta orduan ordaindu. Tratua egitera etortzen ziren. Asko aldatu da.
I.A.: Erromeria egoten da arratsaldean, baina eguraldiak lagundu ezean... Txosnak ere gutxiago dira.

Abarketeruena izenak badu istorio bat atzetik.
A.U.: Ez dakit seguru, baina entzunda dugu taberna izan aurretik abarketak saldu edo egiten zirela  bertan... Hala deitu izan da beti, amak taberna hartu zuenean ere bai, duela 46 bat urte.

Hirugarren belaunaldia zara zu, Ibai. Bizkarrean eramateko zama handia?
I.A.: Momentuz, ez. Ikusteko dago, beste inor ez da gelditzen eta! Duela bost urte taberna berria zabaldu zenetik daramat lanean, eta aurretik ere ibili nintzen Matienan. Abarketeruena zaharrean ere tokatu zait laguntzea San Blas egunez: txuleta erreak, paella... egiten genuen eta aitari laguntzen nion.
A.U.: Lehen, denontzat egoten zen lana San Blas egunez.

Txuleta erreak eta angulak ere prestatzen ei zenituzten asko, ezta?
A.M.U.: Asko! Merkeagoak ere baziren. Ohitura handia zegoen lehen  San Blas egunean angulak jateko, baserritar askok egun hori aprobetxatzen zuten zelanbaiteko kapritxo hori hartzeko.
A.U.: Garai batean oso ohikoa zen angulak, bildotsa eta txuleta jatea San Blas egunean

Anekdotarik baduzue?
A.U.: Ahaztuta asko. Baina, gogoan dut behin txuleta ogitartekoa eskatu zigutela Abarketeruena zaharrean.

San Blas egunez hotza ere izaten da protagonista...
A.U.: Bai, baina hego-haizeagaz ere gogoratzen dut San Blas egunik. Azken urteetan euria tokatu zaigu. Hala ere, edurragaz ere etortzen zen jendea Abadiñora. Orain eguraldiak gehiago eragiten du.

Askorentzat bigarren etxea da zuena.
A.U.: Gazteentzat lehenengoa, eta zaharrentzat betikoa. Ez dakit, betikoak garelako, hemengoak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!