Hainbat herritarrek martitzeneko eraso sexista gaitzetsi dute Matienako kontzentrazioan

Jone Guenetxea 2017ko abe. 29a, 19:58

Martitzenean Abadiñon gertatutako eraso sexista gaitzesteko udalak deitutako kontzentrazioak hainbat herritar batu ditu Matienan, gaur arratsaldean. Elkarretaratzean irakurri duten adierazpen insituzionalean azaldu dutenez, Abadiñoko Udalak "babes osoa eta eskura dituen baliabide guztiak" eskaini dizkio erasoa jasan duen emakumeari. 

Martitzenean, 03:00etan emakume batek 112 SOS Deiakera deitu zuen eraso sexista eta legez kanpoko atxikitzea salatuz. Ondorioz, Ertzaintza etxera bertaratu zen eta bi aldeak entzun eta gero, 46 urteko gizona atxilotuta eraman zuen. Epailearen aurretik pasa eta gero, Basauriko kartzelara eraman zuten. 

Kontzentrazioan Abadiñoko Udaleko ordezkari politikoek parte hartu dute. Era berean, Berdintasun Kontseiluko kideek Abadiñoko Udalaren adierazpena irakurri dute. 

Abadiñoko Udalaren idatzia

Abenduaren 26an 46 urteko gizon batek Abadiñon bere bikotekideari egindako sexu erasoaren aurrean, Abadiñoko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du eraso hori eta emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen guztiak, eta bere babes osoa eta eskura dituen baliabide guztiak eskaintzen dizkio erasoa jasan duen emakume auzokide horri. Era berean, Abadiñoko Udalak azpimarratu egin nahi du emakumeenganako indarkeriaren izaera estruktural eta unibertsala, eta ohartarazi zer lotura estua duten elkarrekin genero-arrazoiek eragindako bazterkeriak eta emakumeen aurkako indarkeriak.

Emakumeenganako indarkeria mota askotakoa izan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) eta esparru ezberdinetan eman daiteke (bikotea, familia, komunitatea, kalea, lan esparrua, sare sozialak, etabar). Indarkeria egitea edo indarkeria egitearekin mehatxatzea, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Kasu honek, orain dela gutxi Durangoko jaien inguruan Abadiñon gertatu zenak, 2014. urtean erahildako gure herriko bi emakumeenak eta emakumeok egunero jasaten ditugun erasoak eta mikromatxismoak, ikustera ematen digute gure herrian ere indarkeria matxista pairatzen dugula.

Bereziki kezkagarria da gure gazteen artean ematen dena, kontrolean eta menpekotasunean oinarritutako harremanetan. Horregatik, emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko izugarrizko lana egin behar dugu oraindik. Lan hori integrala izan behar da, eta emakume eta gizonen arteko berdintasun politiken bitartez bideratua. Erakunde publikoa den aldetik, Abadiñoko Udalak bere konpromisoa adierazten du lanean jarraitzeko berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Hain zuzen ere, asmo horrekin sinatu du duela gutxi Emakumeenganako Indarkeriaren aurrean Arreta eta Koordinaziorako Durangaldeko II. Erakundearteko Protokoloa.

Gainera, ezinbestekoa den indarkeriaren prebentzioan lanean jarraitzen dugu, heziketa programa eta ekimen ezberdinen bidez eta beti emakumeen ahalduntzearen ikuspegitik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!