52. Durangoko Azoka

“XVI.mendeko Tabira harresituko misterioak argitu gura dituzte ‘Azeri dantza’ko pertsonaiek”

Aritz Maldonado 2017ko abe. 3a, 10:30

XV. eta XVI. mendeetako Durangaldean kokaturiko ‘Azeri dantza’ nobela idatzi du Mila Salterain (1955) abadiñarrak, Txalaparta argitaletxeagaz kaleratzen duen bigarrena.

Historia eta fikzioa uztartu dituzu bigarren nobela honetan ere.
Garaiko dokumentuetan irakurritakoa besteekin partekatzeko modu bakarra da. Nik dokumentuetan irakurritakoa nobelatu dut; liburuko pertsonaiak dira XV. eta XVI. mendeetako gertakizun eta bizipen haiek helarazten dizkigutenak.

Zein dokumentutan dago oinarrituta Durangaldean kokatzen den istorio hau?
Beste batzuen artean, Eusko Ikaskuntzak Cuadernos Medievalesetan jasota dauzkan Durango, Lekeitio eta Lekeitioko dominiken komentuari buruzko XV. eta XVI. mendeko dokumentuetan, Juan de Renaren artxiboan Durangoko eta Markinako eskopetei buruzkoa, Irargik sailkatuta dituen hainbat dokumentuetan, Petri de Funesen Iruñako Biblia Iruditan. Bibliografia ere erabili dut, hain zuzen ere adituek gaiari eta garaiari buruz diotena, esaterako: Isaac Vazquez, Soledad Silva, Antonio Garcia, José Luis Orella. Orella Eusko Ikaskuntzako Cuadernos Medievales bildumako zuzendaria zen.

Pertsonaia historikoak ere ageri dira eleberrian. Nola izan duzu horien berri?
Pertsonaia mamitsuak daudelako gure historian. Nork ez du entzun Borgia eta medizistarren berririk? Cesar Borgia Vianan hil zuten XVI. mendean, Nafarroa konkistatu gura zutenen erasoaldi bati aurre egiten ari zela. Marcillako andereak modu dotorean bidali zituen popatik hartzera Albako dukearen tropak. Iruñako Biblia XII. mendeko liburu ilustratu dotorea nafar batek egin zuen, eta gaur egun Ausburg-eko unibertsitatean dago eta kopia bat Amiens-go liburutegian. Besterik uste bada ere, euskaldunak guztiz europearrak ziren, ez mundu txiki, basati eta isolatu bateko biztanleak. Durangaldeko pertsonaia historikoen artean bat aipatzearren, horra Martin Arteagaren kasua: 1512an Tabirako alkatea zen eta 1513ko udaberrian Gaztelako Joanaren aginduz atxilotua izan zen, Nafarroako Gudagaz loturiko kontuengatik. Azkenean gartzelatik ihes egin zuen.

‘Azeri dantza’ idazteko prozesua nolakoa izan da?
2015eko udazkenean hasi nintzen idazten, 2016ko udaberrira arte. Dokumentatze lanak eta zuzenketak dira gehien luzatzen direnak.

Txalaparta argitaletxeagaz kaleratu duzu, berriz.
Nire moduko batek ez dauka argitaletxea hautatzeko aukerarik. Hala ere, argitaletxea aukeratzerik banu, Txalaparta aukeratuko nuke, dudarik gabe. Ikustea besterik ez dago nolako edizio dotoreak egiten dituen.

Zuk irakurri duzun dokumentazioaren arabera zer ondorio ekarri zion Durangaldeari Bizkaian sartzeak?
Euskal Herriko historia ulertzeko ezinbestekoa da Nafarroako erresumaren historia ezagutzea. XII. mendera arte Durangaldea Nafarroa izan zen. XII. mendetik aurrera da Durangaldea Bizkaiko parte. Bizkaia Gaztelaren menpe zegoen, eta dago; izango zituen bere eskumenak, bai, baina baita ere Gaztelarekiko menpekotasuna, eta ez edonolakoa. Adibidez, XV. mendean nafarren eta mairuen aurka joateko Gaztelak soldaduak eskatu zizkion Durangaldeari, eta hauek bidali. XVI. mendean, Nafarroaren aurka egiteko Gaztelak 300 soldadu eskatu zizkion Durangaldeari, eta bidali egin behar izan zituen. Gerrako desertoreak jazarriak izan ziren eta 2.000 maraiko isunak edo gartzelaldiak pairatu zituzten. Bitxia bada ere, Isabel erregina gaztelarra eta bere alaba Juana Tabirara etorri zirenean lotsagarri ibili ziren Durangaldeko jauntxoak, dama eta neskatoa zerbitzatu guran. Azeri dantzako pertsonaiek dioskutenez, herri konkistatu batek bere izaera galtzen du. Historiaz jakiteko egarria pizten den bakoitzean istiluak sortzen dira jabetasunaren aldekoen eta aurkakoen artean, eta horrela jarraitzen dugu azkeneko 800 urte hauetan, elkar ulertu ezinda inora ez goazela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!