Abadiñoko baserritarrak haserre, OHZ zergaren igoeragatik

Aritz Maldonado 2017ko aza. 1a, 16:45

Landa eremuko hainbatek, batez ere baserritarrek, kexa agertu dute aurten gehiago ordaindu dutelako Ondasun Higiezinen Zergan. Balio katastrala kontuan hartuta indize altua ezarri zen, eta zenbait eremutan igarri dute gorakada. Gainera, datorren urterako jaitsiera ere ez zaie nahikoa iruditu.

Landa guneetako bizilagunak OHZaren igoera "bidegabeaz" kexatu ziren martitzeneko plenoan. Herritarrek aretoa bete zuten, eta zergen igoera "beharren araberakoa" izateko eskatu zuten. Aurrera begira, 2018ko zergak eta tasak izozteko proposamena onartu zen, AI eta EAJren aldeko botoekin. Horrez gainera, OHZ zergan jaitsiera zehatz bat ematea adostu zen: zergaren indize altua ezartzean, balio katastralaren langa 100.000tik 180.000 eurora igoko da; zerga tasa 0,32tik 0,25era bajatuko da kasu horietan. Aldaketa horrek abadiñar askori eragingo die udalaren ustetan.

EH Bildu, orekaren alde
Koalizioaren ustetan, zergen bilketa progresiboa izan beharko litzateke, eta hauek ez lirateke "diru iturri hutsa" izan behar. "Oreka bilatu behar da, herritarrak ez izateko kaltetuak" adierazi zuen Mikel Urrutia zinegotziak. Abadiñok Bizkaiko zerga tasa altuenetako bat izatea salatu zuten.

Bestalde, putzu septikoen garbiketak ekonomikoki laguntzeko proposamena onartu zen bilkuran. Udalak garbiketaren %50 ordainduko luke: urtarrilean onartuko da laguntzen deialdia.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!