Txapela kentzeko moduko denboraldia daramazu.
Egia esan, espero baino askoz hobeto nabil. Urtea hasi denetik apurka gorantza joan naiz, eta garaipenak heldu dira.
Zegama-Aizkorrin laugarren postu itzel bat lortu zenuen. Beste mendi lasterketa batean lehenengo geratzeak baino balio handiagoa du?
Bai, askoz handiagoa. Ez da lortutako postua edo egindako denbora bakarrik, baizik nortzuk geratu ziren nire atzetik. Neure burua konbentzitzeko balio izan zidan. Aurretik pentsatu nezakeen Euskal Herriko lasterketak aurkari faltagatik irabazten nituela, Maria Zorroza salbu, baina Zegama-Aizkorri munduko kopako proba da eta nire atzetik geratutako bi behintzat, Megan Kimmel eta Emelie Forsberg, punta-puntan dabiltza.
Euskal Herriko gazteak ez dabiltza fin, ala?
Ez dabil neska askorik lasterketetan. Maila paretsuan gabiltzan hiru-lau gaude, Maite Maiora eta Oihana Kortazar mailatxo bat gorago, baina atzetik ez da etorri ordezkatuko gaituen belaunaldi gazterik. Maria Zorroza berria da, orain hiru bat urte hasi zen mendiko lasterketetan, baina gainerakoak lehengoak gara.
Kantitatea da batez ere falta dena?
Ez dakit ba! Kantitatea zein kalitatea, bietarik apur bat falta dela esango nuke. Ondo legoke neska gehiago hastea, baina, jakina, mundu honetan sartzen zarenean, asko ibili behar zara, gogor entrenatu behar duzu…
Asteburuan Lleidan, hilaren 22an Italiako Dolomitetan eta ostean Andorran. Uztailean munduko kopako hiru proba dituzu. Zer itxaropenekin aurre egingo diezu?
Ez dakit zer itxaron. Lasterketa hauek beste mundu bat dira. Proba luzeak, hiru mila metroko mendiekin… Galdera ikur bat dira.
Baina barruak zer diotsu?
Tira, euskal selekzioko kideek aurretik lortutako emaitza onak ikusita eta zein mailatan dabiltzan jakinda, lehenengo seietan sartuko banintz pozarren egongo nintzateke.
Aurtengo munduko kopa zure ibilbideko onena izan daitekeela sentitzen duzu?
Baliteke, baina faktore asko daude. Proba denetara —hamaika probatatik bostean parte hartuko dut— familia osoa joango gara, ume biekin. Ez zara lasterketan bakarrik zentratzen. Galdetu izan diot neure buruari: “Ehuneko ehunean zentratuko banintz, non nengoke?”. Baina, egia esan, ez dut horrelakorik gura. Beraz, posible da nire munduko koparik onena izatea, oso pozik eta gustura nabilen heinean, baina ez nago ehuneko ehunean kopan zentratuta.
Orain beste lehentasun batzuk ere badituzu.
Hori da. Esaterako, ahal izanda ere ez nintzateke Italiara bakarrik joango. Ez dut gura. Gozatu egin gura dut eta, une honetan, gozatzea familiagaz egotea edo basora entrenatzera joatea da. Eta horregaz batera munduko kopa on bat egiten badut, ba, oraindino hobeto. Lasterketetan erabat zentratzea erabakitzen baduzu, ez duzu besterik buruan, eta obsesio puntu bat ere bihurtzen da.
2015ean bigarrenez izan zinen ama. Espero zenuen orduan gaur egungo mailara heltzerik?
Egia esan, ez. Progresiboa izan da. Nik nire ibilbideak ditut hemen inguruan, eta entrenamenduak egin ahala, egunetik egunera hobeto nenbilela ikusten nuen. Baina nagoen tokira heltzerik ez nuen espero.
Lasterketen mundua uztea hausnartu zenuen?
Kia. Umeak izateak esan gura du haurdunaldi bat igaro duzula eta geldi egon behar duzula denbora batez. Gero, hasteko gogoa izaten duzu! Urte batzuk lehenago hartu nuen atsedenerako denbora bat, bai. Espainiako kopa lehiatutako urteak nekagarriak izan ziren, fisikoki zein mentalki. Eta neure kabuz hasi nintzen denbora baterako.
Helmugaratzen zaren aldiro semeekin egiten duzu. Gogoan duzu lehenengoz noiz izan zen?
2014ko Zegama-Aizkorrin. Alluitz seme nagusia besoetan hartuta sartu nintzen. Hamar hilabete zituen. Lo seko zegoen.
Buruan zeneukan zerbait zen?
Bai, bai, buruan neukan. Helmugara orduko umea emateko esan nion Mikeli [bikotekidea]. Ama izan ostean Zegama-Aizkorri amaitzeagaz pozik nengoen eta, gainera, helmugan semeagaz sartzeak ilusioa egin zidan.
Eta orain ohitura bihurtu duzu.
Bai, baten faltan orain bigaz. Alluitzegaz eta Ametzegaz. Txikia besoetan eta nagusia korrika. Horiexek dira unerik politenak. Lasterketa bat ez da egindako lana bakarrik. Semeak helmugan zain egongo direnaren pentsamenduagaz joaten naiz. ‘Umeak han egongo dira eta eurekin sartuko naiz helmugan’, horixe izaten dut buruan.
Seme biak umetatik ezagutzen ari dira lasterketen mundua.
Bai. Gero, hazten doazen heinean, mundu honegaz ez dutela ezer jakiterik gura esango didate beharbada, baina tira. Eurek gura duten bidea aukeratuko dute.
Lasterketetan ez ei duzu atzera inoiz begiratzen.
Horrela da. Sekula ez dut atzera begiratzen, bihurgune zabaletan ere ez. Ez nau arduratzen lasterketa nola datorren atzetik. Egin beharreko kilometroak aurrean daude, helmuga aurrean dago. Gainera, ez zait presioagaz ibiltzea gustatzen. Aurrean baten bat ikusten badut, haren bila joaten saiatuko naiz, indarrik badut behintzat. Baina atzetik datozenei uneoro begiratzea… Presio hori ez dut atsegin. Baten bat atzetik badator, ba, datorrela, eta pasatzen banau, ba pasatu nau.
Entrenamenduetan ere ez duzu atzera begiratzen, Mikel zelan datorren jakiteko?
(Barreak). Bata besteari tiraka ibiltzen gara. Baina aspaldi ez gara elkarregaz korrika egitera irten. Bietako bat umeekin egon behar! Egiteko dugun zerbait da.
Beharbada zu baino gehiago ibiliko da.
Momentu honetan nahita ere ezingo lidake irabazi (barreak). Gustatuko litzaidake gerra emango balit, neu ere proban jartzeko. Baina… batek daki, beharbada sorpresa emango lidake!
Entrenamenduetara hutsik egiten ez duten txakur bi dituzu.
Txakurrik barik gurago dut entrenatzera ez irten. Txakur bategaz hasi nintzen entrenatzen. Hura hil zen, eta oraingo hauek —Bizi eta Kiñu ama-kumeek— nigaz batera egiten dute arineketan, jaio zirenetik. Nire entrenamenduetako parte dira.
100 kilometroko probak, maratoiak, maratoi erdiak, km bertikalak... zer falta zaizu probatzeko? Mendiko duatloia akaso?
Hiru Haundiak kenduta, ez dut beste ultrarik egin. 25 bat kilometrokoak politak dira. Maratoiak luzetxoak egiten zaizkit, baina ondo moldatzen naiz iraupen luzekoetan. Mendiko duatloiak ez nau erakartzen. Gainera, txakurrak ezingo lirateke nigaz etorri. Beraz..., ez. Bizikleta lanera joateko erabiltzen dut.
Baduzu entrenatzailerik?
Ez entrenatzailerik, ez entrenatzeko eskema finkorik. Horrek apurtu egingo luke honek guztiak niretzat duen xarma. Ez daukat pultsometrorik. 20 urteko Casio bateko kronometroagaz nabil. Basora joan eta sentsazioei jarraituz entrenatzea gustatzen zait, eta ez makina batek dioenaren arabera. ‘Zelan jagi naiz?’, galdetu eta horren arabera erabakitzen dut nora joan.