San Prudentzio jaiak 2017

Janari kubatar dastaketa eskainiko dute Zalduerreka elkartekoek, domekan

Itsaso Esteban 2017ko mai. 3a, 13:30

Humberto Gallastegi, Janire Granados eta Alberto Ortiz de Barrón.

Azken urteotan egin duten bezala, modu aktiboan parte hartuko dute Zalduerreka Auzolan Elkarteko kideek San Prudentzio jaietan. Maitzaren 7an, 12:30ean, Kubako jakien dastaketa eskainiko diete herrikideei. Durangoko La Bodeguita Del Medio tabernakoek lagunduko diete 200 pintxo prestatzen, eta biltzen duten dirua Asafex elkarteari emango diote.

Motxoia herriko taberna zenean Zalduerreka elkartea eratu zuten urtean, 2013an, hasi ziren jaietan munduko zenbait txokotako jakiak prestatu eta herritarrei eskaintzen, eta Senegal, Ingalaterra eta Portugalgo jakiak dastatu izan dituzte herritarrek haien eskutik. Elkartekideen berbetan, abadiñarrek gogoz hartzen dute ekimena.

Kubako gastronomiaren dastaketa horretaz gain, mus txapelketa ere antolatuko du, aurten ere, Zalduerreka elkarteak. Maiatzaren 6an, 17:00etan, egingo dute, frontoian.

Bestalde, eta 2013an elkartea eratu zutenetik egin duten bezala, elkarteko kideak zein beraien inguruko lagunak Zalduerrekako barran lanean dabiltza jaietako hainbat egunetan. Hasieratik gura izan dute auzoko jaietako klasikoa bizirik mantentzea: “Txosnak ixten dituztenean jendeari Motxoienera etortzeko aukera ematea”.

Duela lau urte Zalduerreka Auzolan elkartearen egoitza bilakatu zen arte, Herriko taberna eta ezker abertzalearen egoitza izan da Motxoia etxea.  

Humberto Gallastegi, Janire Granados eta Alberto Ortiz de Barrón dira Zalduerreka elkartea osatzen duten 25 bazkideetako batzuk. Azpimarratu dutenez, 25 bazkide horien ingurukoek ere erabiltzen dute Zalduerreka elkartea, eta mugimendu handia egoten da jaietatik aparte ere: astean zehar hainbat lagun koadrila batzen da afaltzera, eta asteburuetan ere bazkari eta afari asko egiten dira bertako sukaldean. “Jende gaztea dago elkartean, eta horrek bizitasun handia ematen du”, adierazi du Gallastegik.

Herriko askotariko ekintzetan parte hartu ohi dute Zalduerrekako elkartekideek urte osoan, beste elkarte batzuekin kolaboratuz, sarritan. Auzoko Iluntze dantza taldeak antolatzen duen dantzari egunean, adibidez, elkartean bazkaltzen dute hainbat umek, eta euskal presoen eskubideen aldeko ekintzetan ere laguntzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!